Autorik gabeko Europako Eguna ospatzeko, datorren asteazkenean, irailaren 22an, doakoak izango dira bidaiari guztientzat Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak diruz lagundutako herri arteko autobus lineen txartelak eta eskualdeko garraio zerbitzuaren lineak.
Neurriak mesede egingo die honako linea hauek erabiltzen dituztenei: Araba Erdialdeko, Arabako Errioxako eta Aiarako emakidetako lineak (1.-16.); Gasteiz Miranda Ebrorekin eta Durangorekin lotzen duten lineak, 18. eta 19. lineak, hurrenez hurren; eta lurralde historikoko landa herriguneei zerbitzu ematen dieten eskualdeko garraioaren linea guztiak. www.araba.eus/alavabus web orrian daude kontsultagai emakida horien lineetako ibilbideak, geralekuak eta orduak.
Blanca de la Peña Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, ekimen horren bidez foru garraio publikoaren erabilera sustatu nahi da norberaren autoaren alternatiba gisa, "Europan mugikortasun jasangarriaren alde ezarritako politiken ildotik, bai eta herritarrei zerbitzu hori eta zerbitzu hori osatzen duten lineak ezagutaraztea, eta garraio hori ohikotasunez erabiltzen dutenei aintzatespena egitea".
Bestalde, Alavabusen eskari handiena duten lineetako zenbait autobusek eta Eskualdeko Garraioaren zerbitzua ematen duten ibilgailuek biniloak eta 'Garraio publikoa, mugikortasun segurua eta jasangarria' lema dute jarrita alboetan, bai eta aipamen grafikoak ere foru garraioan ezarritako segurtasun neurriei buruz eta mugikortasun jasangarriago eta ingurumenarekiko begirunetsuago bati egiten dioten ekarpenari buruz.
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak gogorarazi du indarrean jarraitzen dutela zenbait segurtasun neurri, erabiltzaileen, enpresa emakidadunen langileen eta profesionalen osasuna babesteko, hala nola maskara nahitaez erabiltzea, ahal bada BAT txartela erabiltzea tiketa ordaintzeko eta garbiketa, desinfekzioa eta aireztapena areagotzea.