Giza-harremanen behaketa, Rosalind Nashashibiren eskutik

Erredakzioa 2021ko ira. 17a, 12:00
'Vivian 's Garden' pelikula ikus daiteke egunotan Artiumen. / Artium

Artista britainiarraren bi film proiektatuko ditu Artiumek, museoan egindako hainbat margolanekin batera.

Rosalind Nashashibi artista aurkeztu du Artium museoak Z aretoa programarako erakusketa proiektu berri batean. Artista britainiarraren bi film proiektatuko dira, batetik, Vivian 's Garden eta Part One: Where There Is a Joyous Mood, There a Comrade Will Appear to Share a Glass of Wine, eta, bestetik, Nashashibik erakusketa prestatzen ari zela museoan egindako hainbat margolan egongo dira ikusgai. Z aretoa programak zinemagintzaren lurraldera jauzi egiten duten artisten eta erakusketa formatua arakatzen duten zinemagileen lanak ikusgai jartzeko espazio bat eskaintzen du, Garbiñe Ortegaren komisariotzapean.

Rosalind Nashashibi (Croydon, Londres, 1973) 16 mm-ko formatuan egindako pelikulengatik da batez ere ezaguna; haren filmak esperientzia pertsonaletatik eta giza portaeraren eta zenbait komunitatetako gizarte-harremanen behaketatik abiatzen dira. Pinturarekiko eta grabatuarekiko interesa uztartzen du zinemagintzarekin batera, eta oraingoan bi filmekin batera, artistak hainbat margolan egin ditu Artiumen proiektu honetarako. Gai ugari jorratzen ditu bere lanetan, besteak veste, konpromiso politiko eta soziala, generoa, familia edo komunitate-zentzua.

Pelikulak
Vivian 's Garden (Vivian-en lorategia) (2017) pelikulak Vivian Suter-en eta haren amaren, Elisabeth Wild-en, arteko harremana erakusten du, Guatemalan, Panajachel-eko oihanean bizi diren suitzar artista emigratuak. Pelikula honek haien bizitza artistikoen, emozionalen eta ekonomikoen begirada hurbila eta ameslaria bilatzen du, eta baita haien familien hedadurak ere: maiak etxeko laguntzaile eta zaindari gisa eta zenbait txakur, kolonialismo osteko konplexutasun une batean isla atsegin bat eskaintzen digula.

Bestalde, Part One: Where There Is a Joyous Mood, There a Comrade Will Appear to Share a Glass of Wine, (Lehen zatia: Jai giroa dagoen lekuan, lagun bat agertuko da baso bat ardo partekatzeko) filmak harreman afektiboak eta komunitatearen eraikuntza aipatzen ditu. Familia egitura mota berri eta askatzaileago baten konjurua edo promesa da. Narratiba ez-lineala du, hainbat eszenatoki intimo lotzen dituena, batzuk etxe espazio partekatuetan, beste batzuk kanpoko giroetan. Lituanian, Londresen eta Edinburgon filmatutako film honetan artista, haren seme-alabak eta lagun minak —familia hedatutzat jotzen duena— aurkezten dira. Nashashibik elkarrekin bizitzeko modu berriak aztertzen ditu, eta familia-egitura nuklearrarik ezari buruz hausnartzen du, eredu inperatiborik gabe.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide