Koronabirusa

Gaueko aisialdia 03:00ak arte irekitzea baimenduko du Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2021ko ira. 17a, 10:30

Gaueko aisialdiaren egoera salatzeko protesta Jimmy Jazz aretoan. / ALEA

Besteak beste, gaueko aisialdia berriro baimentzea erabaki du LABIk, urtebete pasatxoko itxieraren ostean: diskotekak 03:00ak arte ireki ahal izango dute, mahaiekin, dantzalekuarekin maskara jantzita eta zutik edan gabe eta %50eko edukierarekin.

Covid-19aren aurkako neurri murriztaileak berrikusteko bileran, gaueko aisialdia berreskuratzea izan da ostiral honetan LABIren Aholku Batzordeak hartutako erabaki nagusia. Hortaz, jardueren ordutegia 03:00ak arte luzatuko da, merkataritzan, kulturan eta baita ostalaritzan ere, diskoteka-lizentzia edo ordutegi hori ahalbidetzen duen antzeko lizentzia duten establezimenduen kasuan.

Nolanahi ere, honako hauek izango dira larunbatean irailak 18 indarrean sartuko diren neurriek ezarritako baldintza zehatzak:

  • Gaueko aisialdia 03:00ak arte zabaltzea baimenduta; betiere, establezimendu bakoitzaren lizentziaren arabera.
  • Dantzalekua erabili ahal izango da, maskara jantzita.
  • Barran edo zutik kontsumitzea debekatuta egongo da.
  • Edukiera %50era mugatuta.
  • Beste ostalaritza establezimenduen kasuan, edukiera %75era igoko da.
  • Gehienez 8 lagun elkartu ahal izango dira mahai bakoitzean, barrualdean; terrazetan, berriz, 12 lagun.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak 11:00etan eskaini du bileraren osteko prentsaurrekoa, hartutako neurri berrien inguruko informazioa plazaratzeko. Adierazi duenez, beheranzko joera "jarraitua" da, eta datuek intzidentzia metatua, txertaketa eta presio asistentziala "egoera desberdin baten aurrean" gaudela baieztatzea ahalbidetu dute.

Beraz, deseskalatzean aurrerapauso bat ematea erabaki du Eusko Jaurlaritzak: "Egungo baldintzetan, egokia da jarduera sozial normalizatua berreskuratzeko trantsizio-etapa kudeatzea", adierazi du Sagarduik.

Edukierak estadioetan

Bestalde, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak Osasun Ministerioaren proposamenera moldatzera behartu du LABI, kirol ekitaldietako edukierari dagokionez: beraz, futbol zelaietan %60koa izango da, eta 5.000 eserleku baino gehiagoko saskibaloi kantxetan, ordea, %40koa.

Lonjak, laster zabalik

16 eta 29 urte bitarteko adin tartean txertaketak jarraibide osoaren %85 gainditzen duen unetik aurrera, lonjak, gazte lokalak eta antzekoak berriro ireki ahal izango direla jakinarazi du Sagarduik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago