2020an Araban kokatuta dauden eta hizkuntza kudeaketarekin erantzunkizuna duten enpresekin foro bat eratu zuten Jaurlaritzak, Aldundiak eta Gasteizko Udalak lankidetzan, alor sozioekonomikoan euskara sustatzeko asmoz. Foroak segida izango du aurten, eta Lanabes Araban Euskara talde eragileko partaide den Bai Euskarari Elkartea arduratuko da bere kudeaketaz.
Iaz foroan parte hartu zuten enpresen iritziz, guztion artean lortu behar da bai barruko harreman eta lanean zein kanpora bezeroekiko harremanetan euskara ere baliatzen duten edo baliatu nahi duten enpresa gehiago identifikatzea, elkartzea eta sare sendo bat osatzea, egungo Arabako gizartearen isla izango dena. "Bakoitzak bere egoera propioa dauka, bere helburuak ditu, bere erritmoa… baina helburua da elkarri laguntzea, elkarrengandik ikastea, lagungarriak izan daitezkeen ereduak eta baliabideak eskaintzea; eta, hala, elkarrekin erronkari aurre egitea Arabako alor sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzen laguntzeko".
Aurten, enpresa bakoitzak bere erronkak identifikatuko ditu eta, halaber, erronka horiei aurre egiteko administrazioek eta aholkularitzek zein tresna eta baliabide bideratzen duten ikusiko dute; gainera, beste enpresa batzuetan erronka horiei nola egiten dieten aurre ere ikasiko dute. Irailaren 23an egingo dute foroaren lehen saioa eta, guztira, hiru saio izango dira: irailaren 23an, azaroaren 4an eta abenduaren 2an. 09:00etatik 11:00etara izango da, Europa jauregian.
Foroan parte hartu nahi dutenek HEMEN eman dezakete izena.