Erresilientzia landuko dute batxilergoko ikasleek

Erredakzioa 2021ko ira. 15a, 16:07

Urkideko ikasleei emandako hitzaldi batekin abiatu da egitasmoa. / Urkide

Montxo Lopez de Ipiñak emango ditu hitzaldiak; ilustratzailea, natura zalea, komunikatzailea eta eskalatzailea, istripu batek jarduera horretatik urrundu zuen arte.

Vital Fundazioak eta Urkide Fundazioak Aurrera begira proiektua jarriko dute martxan ikasturte honetan. Montxo Lopez de Ipiña ilustratzaileak ikastetxeetan emango dituen hitzaldiak dira, mugako egoerak malgutasunez onartzeko eta gainditzeko giza gaitasunari buruz kontzientziatzeko.

Ekimenaren jatorria Lopez de Ipiñak Urkideko batxilergoko ikasleei erresilientziari buruz emandako hitzaldi bat da; izan ere, mendiko istripu larri baten ondoren, tetraplegia izan zuen. Ikasleengan izan zuen eraginak eta ondorengo hausnarketak bultzatu dute formatua beste ikastetxe batzuetara eramatera.

"Muturreko egoera batetik alde positiboa ateratzen saiatu behar dugu, ez da batere erraza, baina zoritxarrak eman diezazkigukeen aukerak aprobetxatu behar ditugu", azaldu dute antolatzaileek. Hala, Aurrera begira ekimenaren helburuak Arabako ikastetxeetako Batxilergoko ikasgeletan erresilientzia lantzea, lagun erresilienteen esperientziak ezagutzea eta muturreko esperientzia batetik abiatuta ikasleekin emozioak eta frustrazioak lantzea dira.

Montxo Lopez de Ipiñak emango ditu hitzaldiak, ilustratzailea, natura zalea, komunikatzailea eta eskalatzailea, istripu batek jarduera horretatik urrundu zuen arte. Indarberritze lanetan hainbat urte eman ondoren, gai izan da arazoa gainditzeko, eta bere egoera erabili du hazteko eta bere gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko. Ilustrazioaren eta hitzaren bitartez, bere esperientzia guztia haur eta nerabeen zerbitzura jartzen ari da.

Parte hartu nahi duten ikastetxeek 609 909 383 telefonoan edo malen@ciurkide.org helbidean eska dezakete. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago