Ion Gabella aktorearen (Gasteiz, 1981-Zumaia, 2002) biografia berezia prestatu dute familia, gertuko lagun eta ofizioko kideen lekukotasunen bitartez. Eloi Beatok zuzendu du Ion, pasión y rebeldía dokumentala, Beatok berak eta Yolanda Blazquez eta Israel Marcosek prestatu duten gidoiarekin. Hilaren 14an aurkeztuko dute Santanderren, 19:00etan, Nazioarteko Zinema Jaialdian.
Besteak beste, Juanma Bajo Ulloak, Karra Elejaldek, Unax Ugaldek, Juan Diazek, Jose Luis Rebordinosek eta Enrique Urbizuk hartu dute parte dokumentalean, "ezinbesteko figura bat berreskuratu eta denbora eta gizarte jakin bat nabarmentzeko". Gabellak hamarkada bat baino gehiagoko zinema ibilbide oparoa izan zuen Akixo (Juanma Bajo Ulloa, 1988), Todo por la pasta (Enrique Urbizu, 1990), Acción Mutante (Alex de la Iglesia, 1992) edo Salto al vacío (Daniel Calparsoro, 1995) moduko lanekin.
Gabella beraren fikziozko lekukotasunarekin aurkeztu dute lana: "Perspektiba ez zait falta, benetan diotsuet. Nire haurtzaroa martxoaren 3koa da, hainbeste begi ireki eta malko isuri zituen Bloody Sunday gasteiztarra; nire nerabezaroa, industria-birmoldaketarena eta hautsitako promesena. Noizbehinka tipo jatorra naiz, noizbehinka amorratua, oholtzan eta zeluloidean bere lekua aurkitu zuena... Garai txarretan ere bizirik egotea lortzen dut, eta batzuetan gorrotozko bola txiki bihurtzen naiz". Izan ere, dokumentalak aktorearen ibilbidea gogoratzearekin batera, XX. mendeko azken hamarkadetan Gasteizen eta Euskal Herrian izandako desengainu eta ondorengo sormen-eztanda garaia ere aztertzen du.