Koronabirusa

Txertodromoak irailaren 30ean itxiko dituzte

Erredakzioa 2021ko ira. 10a, 10:52

Lakuako txertodromoa apiriletik izan da martxan. / ESI ARABA

Goi-errendimenduko txertaketa puntuak irailaren 30ean itxiko dituzte, EAEko biztanleriaren %84 txertatuta dagoelako. Lakuako pilotalekuko txertodromoak ere ateak itxiko ditu, eta Arabako txertaketa San Martinen, Lezan eta Oionen egingo da.

Osakidetzak irailaren 30ean itxiko ditu txertodromoak; horien artean, Lakuako pilotalekukoa. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azpimarratu du txertaketa gune handiek "antolamendurako ahalegin handia" eragin dutela eta "emaitza oso onak" ekarri dituztela, baina, dagoeneko, "ez direla beharrezkoak", dagoeneko EAEko biztanleriaren %84k txertoaren jarraibide osoa duelako —12 urtetik gorako herritarren artean—.

Hiru lurraldetako hiriburu bakoitzean txertodromo bat ireki zen apirilean: Gasteizen, Lakuako pilotalekuan; Bilbon, Casillan; eta Donostian, Illunbeko erabilera anitzeko frontoian.

Osasun Sailak jakinarazi duenez, urritik aurrera, txertoaren lehenengo zein bigarren dosia jartzeko hitzorduak osasun zentroetan edo tarteko beste puntu batzuetara bideratuko dira. Hitzordua hartzeko unean, webgunearen bitartez edo telefono bidez, kokapen berriaren berri emango zaie herritarrei. Arabako osasun eremuei dagokionez, honako hauek izango dira txertaketarako gune berriak:

  • Arabako ESIa: San Martingo osasun zentroa
  • Arabako Errioxako ESIa: Lezako ospitalea eta Oiongo osasun zentroa

Erronka: 20 eta 35 urte bitartekoak

Hala ere, txertaketa kanpainak jarraitzen duela gogorarazi du Osakidetzak, oraindik ere biztanleriaren zati txiki bat txertoa jarri gabe dagoelako, bereziki 20 eta 35 urte bitarteko kolektiboan. Izan ere, adin tarte horretako txertaketa-estaldura ez da %80ra iritsi. Txertoak erabilgarri daudela kontuan hartuta, hitzordua hartzera animatu dituzte adin horretakoak.

Deialdia Covid-19arekin kutsatu ziren datatik bi hilabete igaro diren horiei ere zabaldu die Osakidetzak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago