'Daniel|A|' aurkeztu dute, Mikel Ayllonek idatzitako istorioa

Erredakzioa 2021ko ira. 9a, 17:00
Gazteei zuzendutako proiektua 'Daniel|A]'. / Gaztea

Gazteei zuzendutako proiektu honek hiru podcast, sei ataleko serie digitala, kontzertu bat eta sare sozialetako jarraipena izango ditu.

Daniel|A| proiektu transmedia aurkeztu du Gazteak. Ekoizpen berritzaile honek munduan euren lekuaren bila ari diren gazteei buruzko istorioa azaltzen du hainbat bidetatik: hiru podcast, sei ataleko serie digitala, kontzertu bat eta sare sozialetako jarraipena izango dira Daniel|A|-ren istorioaren osagaiak. Nora Alberdi azpeitiarrak zuzendutako serie digitala da, eta Mikel Ayllon laudioarrak idatzi du gidoia. Leire Ormazabal, Iholdi Beristain, Gabriel Ocina eta Irati Agirreazkuenaga dira aktore protagonistak.

Unibertsitatean hasi eta berehala, nortasun krisi sakon baten ondorioz, Danielak (Leire Ormazabal) atzerrira alde egitea erabakiko du. Hiru urteren ondoren, Bilbora itzuliko da, aitaren etxera, eta bere bizitzari berriro ekingo dio, baina abiapuntu berri batetik: orain, Daniel da. Gazteen mundutik eraikitako istorioa da eta bai genero identitatea zein gai sozialak jorratzen ditu.

Daniel|A| ren istorioaren kontakizunak izaera transmedia izango du. Webgune propioa izango du eta bertan izango dira entzun eta ikusgai proiektua osatuko duten atal guztiak. Gaur, hilak 9, Ipar Orratza izeneko lehenengo podcast-a publikatu dute, eta hurrengo bi igandeetan gainerakoak izango dira entzungai  EITBPodkast plataforman eta Daniel|A|-ren webgunean. Irailaren 23an, serie digitalaren azkeneko atalean gertatuko den kontzertu bat errealitatera ekarriko dute. Serie digitala, igandean, irailaren 26an, estreinatuko dute, eta egunero atal bat izango da ikusgai Gaztearen YouTube kanalean zein eitb.eus-en. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide