Orain bai, itzuli da Ironmana

Erredakzioa 2021ko ira. 9a, 12:47

Salburua inguruetan egingo da lasterketa proba aurten. / Ironman Gasteiz

Gasteiz erditik joan beharrean, Salburuko hezeguneen inguruan izango da igandeko lasterketa, eta Buesa Arenan amaituko da. Igeriketa eta bizikleta probak Uribarri Ganboan eta Lautadan egingo dituzte. 

Uztailean bertan behera utzi behar izan zuten Ironman kirol proba, baina igandean bueltatuko da Gasteizera. Modu honetan, mundu osoko berrogei bat hirik osatzen duten zirkuituaren parte izango da Gasteiz bigarren aldiz.

Pandemiaren eraginez hainbat aldaketa egin behar izan dute 2019. urteko lehen edizioan jorratutako planteamenduarekiko. Ibilbidean eta parte-hartzaileen zenbakietan gauzatuko dira egokitzapenak. Mila lagun inguruk parte hartuko dute aurtengo proban, 2019an izan zirenen erdia. Ibilbideari dagokionez, Gasteiz erdigunetik egiten zen bidea alde batera utziko dute: bizikleta eta lasterketa probak Eraztun Berdera eramango dituzte. Salburua hezegune inguruan egingo da lasterketa; orotara, 42,2 kilometroko ibilbidea izango da; Buesa Arena pabiloian hasi eta bukatuko da. Bizikleta gainean, berriz, 180 kilometroko zirkuitua izango dute, Arabako Lautada igaroz, eta Uribarri Ganboako urtegia inguratuz. Azkenik, igeriketa proba urtegian egingo dute; triatletek 3.800 metro egin beharko dituzte honetan.

Gorka Urtaran alkateak ekitaldia bueltatu izanaren garrantzia azpimarratu zuen joan den astelehenean Montehermoso kulturgunean egindako aurkezpenean. Hirian "kirolak pultsua berreskuratzea" ekarriko duela nabarmendu zuen alkateak. Haren esanetan, hitzorduak erakusten du Gasteiz era guztietako kirol ekitaldiak egiteko "aparteko hiria" dela. Horregatik, kirol ekitaldia berriro ere "arrakastatsua" izatea espero zuela erantsi zuen.

Normaltasuna helburu

Datorren urteko edizioan "normaltasuna" berreskuratuko den itxaropena agertu dute udal agintariek. Aurreratu dutenez, jada 3.000 lagun inguruk izena eman dute hitzordu horretarako. Dena ondo bidean, 2022ko uztailaren 10ean egingo da. Nazioarteko proba den heinean, 2022an herrialdeen arteko mugikortasuna errazagoa izatea espero izatekoa da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago