Ekonomia Sustapenerako Sailak kudeatzen duen Gasteiz Film Office bulegoak, Juanma Bajo Ulloa zinema zuzendariaren zein Patricia Lopez Arnaiz, Eneko Sagardoy eta Belen Rueda aktoreen laguntzarekin, zinemarako agertoki gisa aurkeztu nahi izan du Araba, "hainbat mundu birsortzeko" aukera ematen duten inguruneak baititu.
Horretarako, Gasteiz udalerriko zein lurralde osoko irudiak tartekatu dituzte bideoan. Gainera, besteak beste, zinema ekoizleentzat Araba leku "errentagarria" dela azpimarratu nahi du kanpainak. "Ikus-entzunezko eta sorkuntza-lan lokalen ekoizpena sustatzea du helburu Film Officek, garapen ekonomikoaren eta enplegu sorkuntzaren motorra denez gero", nabarmendu du lehen alkateorde Maider Etxebarriak.
Filmak, serieak, dokumentalak, bideoklipak eta telebista programak "erraztasun guztiekin" grabatzeko agertoki aproposa dira Arabako bazterrak, Gasteizko Eraztun Berdea, Erdi Aroko hirigunea, auzoak edo industrialdeak.
Poloniako Masterchef, Gasteizen
Hain zuzen ere, egunotan, Poloniako Masterchef telebista saioak Gasteizen jarri ditu begiak, eta bere hamargarren edizioaren azken saioetako bat bertan grabatuko dute. Urtero, herrialde desberdin bat aukeratzen dute denboraldiko azken saioak grabatzeko. Aurten, Arabako hiriburuko Plaza Berria aukeratu dute, sei lehiakide aurrez aurre jarriko dituen bazterketa proba bat grabatzeko, ostegunean. Horrekin batera, Gasteizko hainbat leku erakutsiko dira: Aihotz plaza, San Migel elizako balkoia edo Arkupeak, besteak beste.