Behargin bat hil da gaur goizean, 12:15ak aldera, Zanbranan izandako lan istripuan. Zuhaitzak mozten ari zirela gertatu da ezbeharra; bertan hil da 38 urteko gizona. Suhiltzaileak bertaratu dira zaurituari laguntzeko, baina ezin izan dute ezer egin haren bizia salbatzeko. Segurtasun Sailak eman du langilearen heriotzaren berri.
Ebro ibaiertzean, Zanbrana eta Miranda Ebro arteko mugan, makal batzuk mozten ari zirela izan da istripua, baina oraindik ikertzen ari dira nola gertatu den.
Foru Aldundiko iturriek jakitera eman dutenez, hildakoa mozketa enpresa batentzat ari zen lanean. Uztailetik ari ziren hantxe zuhaitz-mozketa lanak egiten, Zanbrako juntarena zen lursailean.
Irailaren 8an, asteazkenean, ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek elkarretaratzea deitu dute lan heriotza salatzeko, 12:00etan Gasteizko Probintzia Plazan, Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.