Bigarren urtez, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Euskal Herrian zehar gertatzen diren hizkuntza eskubideen urraketak jaso eta bistaratzeko kanpaina egin du udako oporraldian zehar. Ikasturtean ohikoak diren espazioetatik haratago, aisialdi garaian jendea bildu ohi den guneetako hizkuntza erabilera aztertzea izan du kanpainak helburu. Herritarrei eremu horietan jazotako urraketa horien adibideak eman eta Behatokiaren bidez intzidentziak jaso zein bistaratzeko aukera eskaini nahi izan die abian jarritako kanpainak. Zentzun horretan, 2021 urte honetan, 2020. urtean jasotako kexa kopuruak mantendu egin direla jakinarazi du Behatokiak. Nagusiki, aisia, kultur jarduera eta kirol sektorea, zein ostalaritza izan dira intzidentzia gehien jasotako alorrak. Ondorio nagusitzat, kanpainak agerian utzi du, beste behin, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak errespetatu eta bermatze aldera urratsak eman behar direla.
Ostalaritza sektoreari dagokionez, azken boladan euskararen presentzia eta hizkuntza eskubideak bermatzeko hainbat kanpaina jarri dira martxan, UEMAk sustatutako "Bedatik Bedara" egitasmoa kasu, eta Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariaren ustez, "beharrezkoak" dira kontzientziazioa sortzeaz gain, euskararen presentzia handitzeko balio dezaketelako: "Hizkuntza paisaia uste baino garrantzitsuagoa da euskaraz komunikatzeko hautua egiteko, baita herritarra euskara erabiltzeko eroso sentitu daitekeela adierazteko ere". Hala ere, ostalaritzaren sektorean ere egoera makurra irudikatzen dute herritarrek jarritako kexek.
Hain zuzen, iragarki, webgune zein sare sozialetan gaztelania, frantsesa eta ingelesa erabiltzen dituzte negozio gehienek beren buruak ezagutarazteko, eta establezimendu askotako kartak ere bertako hizkuntzan adierazi gabe eskaintzen zaizkie herritarrei. Gaubekaren arabera, "azken bi urteetan barne turismoa asko hazi den arren, zerbitzu asko kanpoko bezeroei begira jarri dira turismoari eman zaion bultzadaren ondoren, eta horrek bertako herritarren hizkuntza eskubideak ez errespetatzea dakar albo-kalte gisa". Horrez gain, zerbitzarien kontratazioetan euskara hizkuntza eskakizun gisa ez ezartzeak ere baditu bere ondorioak; hainbat herritarrek adierazi bezala, zerbitzari asko ez dira gai euskaraz ulertzeko, eta, ondorioz, bezeroak euskaraz artatzeko.
Aisialdian eskaintza urria
Bestetik, aisialdi sektoreko jarduera udan zehar nabarmen hazten bada ere, hainbat herritarrek jarritako salaketen arabera gida edo informazio gune batzuetan ez da zerbitzua euskaraz eskaintzen; nola turismo bulego, museo, bisita gidatu edo gune fisikoetan, hala ibilbide eta txangoei buruzko sareko informazio guneetan ere.
Agurne Gaubekaren arabera, "deigarriak dira hainbat interes guneetako urraketak: euskara, bertako hizkuntza izan arren, ez da bisita egiteko hautatu litezkeen hizkuntzen artean kokatzen, edota are okerrago, ez sarean eta ezta fisikoki ere, ez da gune horren inguruko informaziorik euskaraz eskaintzen". Are okerrago, beste hainbat kasutan, "euskarazko gidek gainkostua izan ohi dute gaztelera, frantses edo ingelesezko hautuen aurrean". Behatokiko zuzendariaren ustez bereziki adierazgarriak dira gazteei zuzendutako aisialdi programa eta ekimenak: asko erdara hutsean eskaintzen dira, eta "euskaraz eskaintzen diren horietako hainbat ere erdarazkoak bihurtzen dira paperetik praktikara igarotzean".
Urtean zehar gertatu bezala, uda garaian ere, ohikoak bilakatu dira ekitaldi kultural zein kirol ekitaldietako ohar eta informazioak erdara hutsean aurkitzea. Zinema, antzerki eta antzeko kultur emanaldietan gaztelaniazko eta frantsesezko eskaintzak nagusitzen dira. Gaubekaren hitzetan, "kanpoko turismoari begira euskal marka saltzen da gure inguruko hainbat espazio kulturaletan, baina bildu ditugun urraketek argi erakusten dute euskarari leku txikia eskaintzen zaiola bertakoaren berezitasun horien baitan".
Agurne Gaubekak esandakoaren arabera, "bildu dugun lagin honek erakusten baitigu bide luzea dugula oraindik egiteko, eta ezinbestekoak direla, unean uneko kontzientziazio kanpainez gain, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri eta laguntzak". Bide horretan, eragile ezberdinekin harremanak sendotzea, hizkuntza eskubideen bermerako kontzientziazio lanak zabaltzen joatea, egungo araudi eta prozedurek dituzten mugak gainditzeko proposamenak egitea eta euskaraz bizitzeko dauden arazo, muga eta oztopoak gizarteko sektore gazteenekin lantzea izango dira, besteak beste, ikasturte berrirako erronkak.