Historian barrena bidaia, Gasteizko Udal Musika Bandarekin

Erredakzioa 2021ko ira. 6a, 12:34
Zazpi kontzertu eskainiko ditu Gasteizko Udal Musika Bandak. / Gasteizko Udala

Irailaren 29an hasiko da zikloa 'Alea iacta est' izenburupean, Maria Hinojosa sopranoa eta Moises Evora narratzailearekin.

Haec Est Victoria Quae Vincit izenburupean, abonamendu-denboraldi berria aurkeztuko du Gasteizko Udal Musika Bandak; zazpi emanaldi eskainiko ditu irailetik maiatzera, Principal antzokian, 19:30ean.

Kultura zinegotzi Estibaliz Canto eta Udal Bandaren zuzendari Luis Orduña izan dira zikloa aurkezteko prentsaurrekoan. "2021-22 denboraldian gure zibilizazioetako historiaren zati bat ezagutuko dugu, eta iraganaz, orainaz eta etorkizunaz jardungo dugu. Iraganeko kultura jakin batzuetara joko dugu –baskoiak, zeltak, erromatarrak…– eta gure gizarteraino iritsiko gara", esan du Cantok. Orduñak azpimarratu duenez, denboraldiko kontzertu bakoitzak esapide ezagun bat izango du izenburu, eta bakoitzak unibertso desberdin batera eramango du.

Zikloa irailaren 29an hasiko da Alea iacta est izenpean, eta bertan Maria Hinojosa sopranoa eta Moises Evora narratzailea arituko dira. Azaroaren 24an Margarita Lorenzo gonbidatuko dute zuzendari lanetarako, Veni, vidi, vici izeneko kontzertua gidatzeko. Eta abenduaren 22an Steven Lin izango da Principalen, pianoaren aurrean; Udal Bandarekin batera In perpetuum programaren baitako piezak joko ditu.

2022ko urtarrilaren 26an Desideratum izeneko programa eskainiko dute, Pablo Urbina zuzendari gonbidatuarekin hartuta, eta otsailaren 9an Ad infinitum izenekoa, Ibon Ariznabarreta flauta-jotzaile bakarlariaren laguntzarekin. Martxoaren 16an abonamendutik kanpoko kontzertua izango da, Errare Humanun est izenpean; Bandaren alboan Kloy raperoa, DJ Parrucho, Sofía Martinez konpositorea eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola arituko dira. Kontzertu horretarako sarrerak eguna iritsi ahala erosi ahalko dira. Eta Gasteizko Udal Musika Bandaren 2021-2022 abonamendu-denboraldia maiatzaren 11n amaituko da, Carpe diem kontzertuarekin, Javier Bonet tronpa-jotzaile bakarlari arituko delarik.

Irailaren 8an, asteazkenean, jarriko dira salgai sei kontzertutarako abonamenduak, 24 euroan, eta sarrera solteak, berriz, irailaren 22tik aurrera erosi ahal izango dira, 5 euroan. Principal antzokiaren ohiko salmenta-bideak baliatuz erosi ahal izango dira. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide