Florian katuaren momia 'zaintza berezietan' jarri dute

Erredakzioa 2021ko ira. 3a, 13:51

Katuaren momia nahiko egoera onean dago. ZAHARBERRIKUNTZA ZERBITZUA

Zaharberrikuntza Zerbitzuan dagoen gorpuarentzako tratamendu bat abiatu dute, momia kaltetu dezaketen sitsen erasoak eragozteko.

Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzuak sare sozialen bitartez ezagutarazi du Florian izeneko katu momifikatuaren gorpua onik mantentzeko kontserbazio prozesu berezia martxan jarri dutela. Zigilatutako poltsa baten barruan sartu dute, makina bati lotuta. Poltsa horretan oxigenoa atera eta nitrogenoa sartzen hasi dira, momia kolokan jar dezaketen sitsen erasoetatik babesteko. Hilabete inguruz mantenduko dute egoera horretan, momia egonkortu arte. 

Joan den maiatzean jaso zuten katuaren momia Zaharberrikuntza Zerbitzuaren instalazioetan. Erakundeko kide baten senitarteko batek baserria berritzen ari zela topatu zuen momifikatutako katu baten gorpua. Florian izena jarri zioten, jaso zuteneko egunaren santuaren omenez. Alabaina, abuztuaren hasieran konturatu ziren sitsak zeudela gorpuaren barruan, eta, horregatik, tratamendu berezi hau abiatu dute. 

Momifikazio prozesu natural baten emaitza izan da Florian. Zenbait baldintzatan gorpuak idortzen direnean, horrelako momiak sor daitezke: ehunak usteldu baino lehen idortzen badira, momifikazio naturala gertatzen da. Bereziki Andeetan eta zenbait basamortutan horrelako kasuak ezagunak dira, baita gizakien gorpuekin ere. 

Baserriko zulo batean zegoen katuaren gorpua. Hasiera batean Zaharberrikuntza Zerbitzuko kideek uste zuten nahigabean sartua zegoela bertan, baina, halako kasuen inguruan dokumentatu ostean konturatu ziren batzuetan katuak babes elementu gisa erabiltzen zela zenbait etxetan, izpiritu txarrak uxatzeko edo. Twitterreko hari batean bildu zuten horren inguruan ikasitakoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago