'Irrits' laburraren errodajea amaitu dute

Erredakzioa 2021ko ira. 3a, 11:56
'Irrits' film laburra. / Sumendi

Arabako hainbat tokitan izan da Maider Oleagak zuzendutako lantaldea.

Bukatu da Maider Oleagak idatzi eta zuzendu duen Irrits film laburraren errodajea. Izaro Nieto eta Angela Etxaniz ditu protagonista, eta Xabier Elizalde eta Erika Olaizolak osatzen dute aktore taldea. Euskara hutsean filmatu dute Arabako hainbat tokitan, Zuhatza irlan kasu.

Izarok eta Clarak hemezortzi urte dituzte eta udalekuetako begirale lanetan ari dira. Umeen begiradetatik kanpo daudenean ordea, haien arteko desirak azaleratuz joango dira, inoiz ahaztuko ez duten uda honetan.

Lehenengo mailako lantaldean, emakumeen presentzia azpimarratzekoa izan da errodajean. Departamentu buru emakumeak izan dira %75etik gora. Lanean aritu dira, besteak beste: Lara Vilanova argazki zuzendaria, Loreto Agirre produkzio zuzendaria, Esther Villar makillaje eta ileapainketa burua, Kemen arte zuzendaria, Andrea Saaenz soinu burua, Xanti Salvador soinu diseinuan (Soinu Onenari Goya Saria La trinchera infinita filmagatik), Nerea Torrijos jantzi diseinuan (Jantzi Diseinu Onenari Goya Saria Akelarre filmagatik) eta Maialen Sarasua muntatzailea.

Estreinaldiak

Irrits-ekin batera, hiru dira Maider Oleaga zuzendariak estreinatzeke dituen filmak. Urte honen bukaeran estreinatuko du Kinka film laburra, Galapan eta Sumendi ekoiztetxeekin ekoitzia hau ere. Bestalde, Maider Oleagak idatzi eta zuzendu duen Kuartk Valley dokumental luzea estreinatuko da aurtengo 69. Donostiako Zinemaldian, Zinemira Sailean.

Besteak beste, Zuhatzan izan da 'Irrits' laburraren errodajea. / Sumendi

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide