Bosgarren urtemuga Amurrion ospatuko du Laia Eskolak

Erredakzioa 2021ko ira. 2a, 14:56

Jabetze feministarako eskolaren egutegia aurkeztu dute Gasteizen. GASTEIZKO UDALA

Gaur ireki da Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolako ikasturte berriko jardueretan izena emateko epea. 77 proposamen eskainiko dira.

Urteurrena ospatzera doa 2016. urtean Arabako Foru Aldundiak sortu zuen Laia Eskola, Emakumeen Jabekuntza eta Berdintasunerako Eskola; eta data hori gogoratzeko ospakizuna egingo dute hilaren 11n Amurrion. Laia Eskola posible egin duten emakume guztiekin batera ospatu nahi dute urteurrena. "Zuei esker eskola bat baino askoz gehiago delako Laia: egiteko eta partekatzeko modu bat".

Hilaren 11n Amurrion elkartuko dira, beraz, 11:30ean hasiko den ekitaldi instituzional batekin. Ondoren, 12:30etik 14:00etara, emakume raperoen kontzertua izango da gazteenentzat, San Anton plazan.

Izen-ematea zabalik Gasteizen

Bestalde, Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolako ikasturte berriko jardueretan izena emateko epea zabalik dago. 77 proposamen eskainiko dira datorren ikasturteko programazioan, eta, berrikuntza gisa, streaming bidez jarraitu ahalko dira hainbat jarduera. Aurten, 11. ikasturtea egingo du Eskolak, eta programazio anitza eta berritzailea prestatu du. 

Herri Handi hitzaldi-zikloaren barruan planeta osoko hainbat aktibista gonbidatu dituzte. Nikaraguako, Saharako, Palestinako, Erdialdeko Ameriketako eta Ekuadorreko aktibista feministek hainbat arlotan dituzten borrokak azalduko dituzte. Hitzaldiak online izango dira, eta zuzenean emango dira webgune honetatik: JFE-zuzenean.

Aurrez aurreko hitzaldiak, berriz, honako hauek izango dira: Huelvako jornalariak (urriak 19); Feminismoa eskuin muturraren aurka: faxismoa geldiarazteko tresnak 2.0 (azaroak 9); Neska gezurtiak, emakume deserosoak. Sexu-indarkeria haurtzaroan (azaroak 23); Hiruki gatazkatsua, etxeko lanak, zainketa eta parte hartze soziopolitikoa (abenduak 14); Sexuala: klandestinoa ala eskubideduna? Salaketak eta aldarrikapenak (urtarrilak 11); Distopiatik hartantz: feminismoa zientzia fikzioan (otsailak 8); Estatu-arrazakeriaren geografiak (martxoak 1); Feminismoa eta intersekzionalitatea klima-aldaketaren aurkako gazteen borrokan. Hitz egin dezagun Fridays For Futureri buruz (apirilak 12); Amatasun bolloak (maiatzak 10); Sexu- eta genero-aniztasunaren politika posibleak (maiatzak 24). Aurrez aurreko hitzaldiak streaming bidez ere jarraitu ahalko dira, horretarako egokitutako webgunearen bidez: www.vitoria-gasteiz.org/JFE-zuzenean

Gainera, Gasteizko Udalak bigarren aldiz jarri du martxan Feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa,  eskolan ezagutza eta ikerketa feminista sustatzeko eta, horrela, udalerrian ahalduntze feminista lortzen laguntzeko. Aurkezlearentzat interesgarri diren gaien ingurukoak izango dira ikerketa-proiektuak, eta ahalduntze feministaren esperientziak aztertu beharko dira, edota emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko eraldaketa sozialari ekarpenak nola egin. Lehiaketaren oinarriak vitoria-gasteiz.org/eskolafeminista helbidean eskuratu daitezke.

COVID-19aren transmisioa prebenitzeko, irekiak diren jardueretan parte hartzeko gonbidapena beharko da. Ikastaro, lantegi eta irakurketa klubetarako ere izena eman beharko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago