Euskaltegien zein erakundeen euskara ikastaroen aurtengo matrikulazio kanpaina martxan dago, Ikasi eta erabili euskara. Merezi du! lelopean. Eta eskaintza zabal horren barruko ikastaro batzuetarako izen-emateak zabalik daude jada. Kanpainaren aurkezpena Oihaneder Euskararen Etxean egin dute gaur Iñaki Gurtubai alkateorde eta Euskara zinegotziak, Lexuri Ugarte Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak eta euskaltegien ordezkariek.
Bertan, hiria eta lurraldea euskalduntzeko bidean aurrera egiteko hizkuntzaren erabilerak duen garrantzia azpimarratu dute. "Gasteizen euskararen ezagutzaren bilakaera garrantzitsua izan da. 1981ean, euskaldunak %3,5 ziren. Gaur egun, %27,28an gaude. Horiei 'ia euskaldunak' gehitu behar zaizkie, %20ra iristen baitira. Emaitza horiek lortzeko, oso garrantzitsua izan da hezkuntza eskaintza zabala izatea", adierazi du Gurtubaik. "Horregatik jarraituko dugu bide horretan".
"Arabako euskaltegi homologatuek agerian utzi dute euskara ikasteko oztoporik ez dagoela, osasun eta segurtasun neurri guztiak hartzen jarraitzen direla: aurrez aurreko modalitateari urruneko modalitatea gehitu zitzaion 2020az geroztik, eta hortaz, euskara ikasi nahi duenak, gogoa besterik ez du azaldu behar", gaineratu du Lexuri Ugartek.
Udal ikastaroak eta diru laguntzak
Alde batetik, Udalak gizarte etxeetan antolatutako ikastaroak daude. Matrikulazioak irailaren 15era arte daude zabalik, eta, zehazki, 76 talde eskainiko dira: gurasoentzat, 55 urtetik gorakoentzat, atzerritarrentzat eta merkataritzaren zein ostalaritzaren esparruko profesionalentzat.
Ikastaroez gain, Udalak euskaltegietan euskara ikasteko diru laguntzak ere eskainiko ditu. Bi mota daude, publiko orokorrarentzat zein kolektibo espezifikoentzat. Azaldu dutenez, aurreko ikasturtean baldintzak malgutu ziren, eta emandako laguntzen kopurua handitu zen: 2019/2020 ikasturtean 237 izatetik, 495 izatera igaro zen 2020/2021 ikasturtean.
Eskaintzari buruzko informazio guztia Gasteizko Udalaren webgunean topa daiteke:
Aldundiaren diru laguntzak
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak ere 85.000 euro banatuko ditu aurten, euren matrikula egitean, Aldundiaren diru laguntza eskaera bete eta foru administrazioak eskatzen dituen hiru baldintzak betetzen dituztenen artean:
- Adinez nagusia izatea, deialdia Arabako Buletin ofizialean (ALHAO) argitaratzen den egunean.
- Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean erroldatuta egotea.
- A1, A2, B1 eta B2 mailetako edozeinetan matrikulatzea HABEk Araban edo Trebiñuko enklabean dituen euskaltegi homologatu batean.
Ikasleek hiru diru laguntza mota jaso dezakete, euskaltegian emandako ordu kopuruaren arabera; zenbat eta ordu gehiago eman, orduan eta diru laguntza kopuru handiagoa, 240 euro arte. Aurreko ikasturtean, 850 bat arabar izan ziren deialdi honetako onuradunak, pandemiak matrikulazioetan eragin negatiboa izan zuen arren.
Garraiorako laguntzak
Azkenik, Aldundiak gela lekuz aldatuen aurrekontu lerroa berreskuratuko du, inguruan euskaltegirik ez duten arabarrei ere euskaltegietako zerbitzua gerturatzeko, eta eurek ere euskara ikasteko aukera gal ez dezaten. Horretarako, HABEk diruz laguntzen ez dituen garraio gastua laguntzeko 30.000 euro bideratuko ditu Aldundiak.