Musika eta antzerkia, iraila hasierarako

Erredakzioa 2021ko ira. 2a, 09:42

Joyful Gospel Choir Argantzonen izango da, larunbatean. /Joyful Gospel Choir

Bederatzi udalerritan hamar ekitaldi antolatu ditu Vital Fundazioak astebururako.

Asteburuan eskainiko diren hamar musika eta antzerki ekitaldirekin hasiko du iraila Vital por Alava egitasmoak. Vitalen kultura ekimenak bere proposamenak eramango ditu Kripan, Zuhatzu Kuartango, Argantzon, Ekora, Zurbao, Berantevilla, Bastida, Etxaurren eta Agurainera.

Ostiralean, hilaren 3an, Aguraingo plaza izango da, arratsaldeko 17:30tik aurrera, Kaos#Kosmos-en agertokia, musika eta literatura bateratzen dituen ikuskizuna, Antton Aranbururen eta Amaia Canteroren eskutik. Istorio bitxiez betetako abestien eta kontakizun xelebreen bitartez, Aranbururen ahotsarekin eta gitarrarekin, Amaia Canterok hainbat kontu kontatuko ditu eta haren koruekin koloreztatuko ditu bere kideak idatzitako abestiak. 20:00etan, Kripango elizako plazak Rolling Stonesen bertsioak hartuko ditu, Los Satisfechos taldearen eskutik.

Larunbatean, berriz, 19:30ean, Zuhatzu Kuartangoko Antzoki Bainuetxera gerturatuko diren pertsonek swing, western swing eta rhythm’n’blues erritmoekin gozatu ahal izango dute Dr. Maha’s Miracle Tonic taldearekin. 30ko eta 40ko hamarkadetako musikaren bitartez, XX. mende hasierako Medicine Shows direlakoei egiten die omenaldia. Ordu erdi geroago, Joyful Gospel Choir-ek abestuko du Argantzongo elizan. 35 taldekide eta 5 musikari profesionalek osatutako talde hau Arabako Abesbatzen Federazioan sortu zen, eta askotariko abestiak abesten dituzte, musika afroamerikarraren historiakoak, espiritualetik hasi eta egungo gospelera. Ekorako tabernako plazan, gainera, dantza egiteko musika eskainiko dute, eta Zurbaoko elizako plazan, La Movida taldeak itxiko du jardunaldia. Lau musikarik osatutako talde honek 80ko eta 90eko abestien bertsioak eskainiko ditu.

Igandean, Manuel Iradier Abesbatzak Berantevillako elizan abestuko du, 12:30ean. Zirkulanduz konpainiak, aldiz, Beldurrik ez lana antzeztuko du Aguraingo plazan. Handik ordu betera, Bastidako La Asuncion elizan, Joyful Gospel Choir taldeak musika afroamerikarraren historiatik ibilbidea errepikatuko du. 17:00etan, Etxaurreneko udal igerilekuan, Adabaki izeneko clown ikuskizuna eskainiko da. Ada eta Baki pailazoen jolasek emozioz, ezustekoz, kolpez eta magiaz betetako unibertso batera eramango gaituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago