Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordearen aurrean egindako agerraldian azaldu duenez, Covid-19aren aurkako txertaketa kanpainak hartu duen erritmoa dela eta, dagoeneko ez da beharrezkoa izango txertodromo handiak erabiltzea.
Hiru lurraldetako hiriburu bakoitzean txertodromo bat ireki zen apirilean: Gasteizen, Lakuako pilotalekuan; Bilbon, Casillan; eta Donostian, Illunbeko erabilera anitzeko frontoian. Zentro horien "arrakasta" eta "ahalegin logistiko eta antolatzailea" azpimarratu du Sagarduik, baina, azaldu duenez, txertaketaren xede-populazioa azkar murrizten ari da, eta, horregatik, laster hasiko dira txertaketa puntuak berrantolatzeko prozesua.
Biztanleriaren %72,51k txertoaren jarraibide osoa du jada, eta irailaren erdialdean txertoa har dezaketen biztanleen %100ek gutxienez dosi bat izatea espero du Osasun Sailak; Espainia mailako batez bestekoaren gainetik. Hortaz, eskaria jaitsi da eta laster utziko zaio txertodromoak erabiltzeari, oraingoz espazio horiek noiz itxiko diren zehaztu ez duten arren.
Eskolara itzultzea
Une honetan, 12 urtetik gorako ikasleen (eskola-adin txertagarria) txertaketan aurrera egitea da Osakidetzaren helburu nagusia. Orain arte, 12 eta 15 urte bitarteko umeen %68,6k dosi bat du jada; 16 eta 19 urte bitartekoen artean, ordea, %73k.