AP-68 autobideko hobarien programa Laudio-Bilbo tartera zabalduko da

Erredakzioa 2021ko abu. 31a, 13:03
Laudio eta Bilbo arteko ordainlekua. / GOOGLE MAPS

Asteazkenetik aurrera, hilean hamabost bidaia edo gehiago egiten dituzten arabarrek %60ko hobaria izango dute bidesariaren prezioan.

Irailaren 1etik aurrera, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak AP-68 autobideko bidesariaren hobari programa zabalduko du Laudio eta Bilbo arteko tartearen ohiko erabiltzaileentzat. Neurriak mesede egingo die Bilbon eta Bizkaian lan egiteko zein ikasteko bide azkar hori ohikotasunez erabiltzen duten arabar guztiei, bereziki Laudion eta Aiaraldean bizi direnei, Bilborekiko eta Bizkaiarekiko hurbiltasun geografikoa eta harreman sozioekonomiko sendoenak dituztelako.

Astegunetan Bilbora edo Bizkaiko beste herri batzuetara ibilgailu pribatuz joan ohi diren arabarrek 500 eurotik gora aurreztuko dituzte diruz lagundutako tarte berri horretan: 502 euro inguru Gasteiztik Bilbora doazenek eta 554 euro inguru Laudiotik Bilbora doazenek.

Hobariak izateko hilean gutxienez hamabost bidaia egin beharko dituzte joatea eta itzultzea bi bidaia izanik, eta teleordainketa sistema bat (VIA T) izan beharko dute.

Eskaera historikoa

"Arabako herritarrekin dugun konpromisoa betetzen dugu horrela, eta, batez ere, Laudion eta Aiaran bizi diren arabarrekin", azpimarratu du Blanca de la Peña Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak. "Aiaraldeko eskaera historiko bati erantzuten diogu horrela, eta eskualde horretan bizi diren arabarrak Bilbora eta Bizkaira segurtasun handiagoz joatea errazten dugu", gaineratu du.

Foru Gobernu Kontseiluak abuztuaren 3an onetsi zuen AP-1 eta AP-68 ordainlekuko autobideak joan-etorrietarako erabili ohi dituzten arabarrentzako hobarien programa arautzeko oinarri berriak ezartzeko dekretua. Dekretua astelehenean argitaratu zuen Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialak (ALHAO), eta bihar, irailaren 1ean, sartuko da indarrean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide