Gasteizko droga trafikoarekin lotuta azken hilabeteetan egindako ikerketaren bidez, Ertzaintzak jakin ahal izan zuen bazitekeela Arriaga-Lakua auzoko pabiloi batean substantzia sorgorgarrien trafikoarekin zerikusia zuten jarduerak egiten aritzea. Informazio horretatik abiatuta, zaintza dispositibo bat jarri zuen bertan.
Joan den ostiral goizaldean, polizia-operatiboko kideek gizon bat geldiarazi zuten pabiloitik irten zenean. Polizia-oharraren arabera, gizonak denbora tarte laburra igaro zuen barruan, baina plastikozko poltsa batekin eta motxila batekin atera zen. Pertsona hori identifikatu ondoren, hauts baten 52 gramo zituen poltsatxo bat aurkitu zioten, baita speeda, 20 estasi pilula, haxix zati bat eta termozigilatutako hainbat poltsa ere.
Susmagarriak salgaiak pabiloian eskuratu berri zituela jakin ahal izan zuen Poliziak. Ondorioz, patruilak denak konfiskatu ostean atxilotu egin zuen, droga trafikoaren delitua leporatuta.
Pabiloia: biltegia eta negutegia
Handik ordu batzuetara, epailearen aginduarekin, Ertzaintza pabiloian sartu zen, barruan gizon bat eta emakume bat aurkituz. Hasiera batean sarrera debekatu zieten agenteei, eta ez zuten ireki nahi izan hainbat segurtasun sarraila zituen atea.
Pabiloi barruan hainbat gauza topatu zituen Ertzaintzak: 100 bat gramo speed zituzten hainbat ontzi, estasi pilula ugari, marihuana kukuluak, haxixa, nahasteko substantzia eta droga trafikatzaileek erabili ohi dituzten beste hainbat objektu aurkitu zituzten.
Horrez gain, ustez marihuana hazteko prestatuta zegoen gune bat ere aurkitu zuten. Bertan hutsik zeuden loreontziak, haizagailuak, lanparak eta landareak hazteko produktu kimikoak aurkitu zituzten, besteak beste. Ertzaintzak egiaztatu ahal izan zuenez, argindarraren konexioa legez kanpokoa zen. Gainera, simulatutako bi su-arma eta dirua ere topatu zituzten.
Atxilotuetako bat espetxera
Hasieran atxilotutako laguna eta pabiloian aurkitutako beste bi pertsonak ere polizia-etxera eraman zituen Ertzaintzak. Antza denez, droga trafikoagatik aurrekariak izateaz gain, bi pertsona horiek pabiloian bertan bizi ziren une horretan.
Larunbatean Agintari Judizialaren aurrera eraman zituzten hirurak. Gasteizeko Guardiako Epaitegiak pabiloi barruan atxilotutako 45 urteko gizona espetxeratzeko agindua eman zuen.