Ezohiko agertokiak aukeratu ditu 39. Antzinako Musika Asteak

Erredakzioa 2021ko abu. 30a, 15:42
La Petite Écurie oboe banda. AFA

Kontzertuak irailaren 4tik 11ra bitartean izango dira.

Irailarekin batera hasiko dira XXXIX. Antzinako Musika Asteko jarduerak. Guztira, kontzertuen atarikoak izango diren hamabi lantegi eta ekintza antolatu dituzte, jaialdiaren bokazio soziala sendotzeko asmoz. Hartara, Gasteizko Zadorra eta Txagorritxu adinekoen egoitzetara eramango du musika Cantoria taldeak. Halaber, Ignacio Aldekoa liburutegian, arnasketa eta ahotsari buruzko lantegia egiteko aukera eskainiko da, Raquel Andueza sopranoaren eskutik, eta berariazko saio bat egingo da covid iraunkorra duten pazienteekin.

Halaber, Cantoria taldeak masterclass bat dinamizatuko du; eta Luis XIV.aren gorteko musikari buruzko zinema iruzkinduaren zikloa ere izango da. Kultura Etxeko liburutegian, gainera, musika historikoari buruzko informazio-zentroa izango da.

Hamaika kontzertu

Kontzertuen txanda irailaren 4tik aurrera etorriko da. Guztira, 11 kontzertu dira, eta ohiko agertokiez gainera, lehenbizikoz, Gorbeiako Parke Naturala, Gebaratarren dorretxea eta Baigorri upategiak bezalako tokiak aukeratu dituzte jaialdiaren antolatzaileek. Sarrera ia gehienak agortu dira jada, baina oraindik aukera dago honako kontzertu hauetakoren batean parte hartzeko:

  • Irailaren 4an, 19:30ean: Harrotasun barrokoa. La Petite Écurie & El Barroquista. Probintzia plaza, Gasteiz.
  • Irailaren 5ean, 12:30ean: Musika naturan. La Petite Écurie. Gorbeiako Parke Naturala. Sarriako parketxea.
  • Irailaren 6an, 19:00etan: Birthday Party. Raquel Andueza & La Galanía. Gebaratarren dorre jauregia.
  • Irailaren 7an, 17:30ean: In Vino Veritas. Artefactum. Baigorri upategiak.
  • Irailaren 7an, 20:00etan: Mihi gaiztoak. Cantoría. Erregeen Santa Maria eliza, Guardia.
  • Irailaren 8an, 19:00etan: Preludiatzearen artea. Brezza. Santa Maria Katedrala, Gasteiz.
  • Irailaren 9an, 19:00etan: Gau jaia. Opera Omnia. Santa Maria Katedrala, Gasteiz.
  • Irailaren 9an, 22:00etan: Esferen harmonia, Javier Armentia, Joaquín Sevilla, Edurne Aizpun. Buradon Gatzagako dorre jauregia.
  • Irailaren 10ean, 20:30ean: Bach&Bach, Antonio Serrano, Pablo Martín Caminero, Daniel Oiarzabal. Jesus Guridi kontserbatorioko auditoriuma, Gasteiz.
  • Irailaren 11n, 12:00etan, 13:00etan eta 17:00etan: Tiorba basoan. Done Bikendi Martiriaren elizako habe basoa, Gasteiz.
  • Irailaren 11n, 20:00etan, Händel & Telemann. La Ritirata. Jesus Guridi kontserbatorioko auditoriuma, Gasteiz. 19:00etan: ikasleen aurretiko kontzertua.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide