Emakume, bollera eta transek udako azken dantza egingo dute Garaionen

Erredakzioa 2021ko abu. 30a, 12:00

Udaleku feministak, 2018an Garaion Sorgingunean. / GARAION

Bilgune Feministak Azken uda dantza izeneko festa antolatuko du irailaren 11n Garaion Sorgingunean. Emakume, bollera zein transei zuzendutako ekitaldiak, topagunea izateaz gain, txosnagunea, bertsoak, kontzertuak eta DJak izango ditu.

Irailaren 11n, larunbatean, Ozetako Garaion Sorgingunea emakume, bollera eta transen topagune bihurtuko da, Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatutako Azken uda dantza kultur ekimenarekin. Ureztatu elikatzen zaituena kanpainaren barruan, Covid-19ak kolektiboarengan eragindako egoera arintzeko asmo ekonomikoa izango du festak, alde batetik; baina Bilgune Feminista bultzatzen jarraitzeko, gozatzeko eta elkar zaintzeko elkargunea izatea da antolatzaileen helburu nagusia.

Horretarako, natura bete-betean dagoen Garaion espazio autogestionatuan elkartuko dira, "Araban elkargune feministak sortu eta hiritik kanpo eramateko asmoz". Halaber, ekitaldia bera ere "autogestionatua eta feminista" izango da.

Egitaraua plazaratu dute jada: besteak beste, marianitada, Zaunka heavy metal talde bizkaitarraren kontzertua, bazkaria eta afaria, bertso saioa (Maialen Lujanbio, Oihana Bartra, Paula Amilburu, Miren Amuriza, Saioa Alkaiza eta Miren Artetxerekin), punk karaokea eta Tarantistak DJ taldearen pintxada izango dira.

Gainera, bertan akanpatzeko aukera egongo da, hurrengo egunean jarduerarik antolatuko ez duten arren, nahi duenak gaua bertan igaro ahal izateko.

Azaldu dutenez, Covid-19aren aurkako unean uneko araudira egokituko dute ekitaldia, eta segurtasun neurri guztiak bermatuko dituzte. Topagunean parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da PCR edo antigeno froga negatiboa aurkeztea, txertaketa pauta osoa izatea edo Covid-19a pasatu izana frogatzen duen ziurtagiria aurkeztea.

Sarreren prezioa 18 eurokoa izango da, eta izena emateko formulario bidezko matrikulazioa jarri du martxan Gasteizko Bilgune Feministak: labur.eus/AzkenUdaDantza

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago