LABI teknikoaren gaur goizeko bileraren ostean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri du uztailaren 22tik indarrean dauden neurri murriztaileak mantenduko direla oraingoz. Astelehenean berriro bilduko da LABI politikoa, baina mahai teknikoak gomendatu du neurriak bere horretan mantentzea gutxienez astebetez.
Izan ere, hiru helburu nagusi ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak neurriak arindu aurretik: intzidentziaren zein ospitaleko presioaren joerak behera egiten jarraitzen duela baieztatzea; txertaketa kanpainaren hedatzea bermatzea (biztanleriaren %70ak jarraibide osoa du); eta birusaren aldaeren zirkulazioa kontrolpean izatea. Hala ere, Sagarduik azpimarratu du joera aldaketa "nabarmena" dela dagoeneko.
Momentuz, beraz, mahai gainean dauden hainbat neurri ezartzea baztertu du Eusko Jaurlaritzak: besteak beste, edukierak handitzea —une honetan %35era mugatuta daude—, ordutegiak 2:00ak arte luzatzea —une honetan 1:00etan amaitu behar dira ostalaritza, merkataritza zein kultura jarduerak— edota taberna zein jatetxeetako mahaietan sei lagun baino gehiago eseri ahal izatea.
EAEko azken datuen arabera, ospitaleetako presioa handia da oraindik: 316 paziente daude ingresatuta Covid-19aren ondorioz, eta horietatik 78 larri daude ZIUn. Intzidentzia tasa metatua behera doa, baina motel gertatzen ari da hori. Hala ere, lehen aldiz uztailaren 14tik lehen aldiz, EAE eremu gorritik irten da gaur bertan (394,42); Arabako intzidentzia, berriz, 444,87koa da oraindik, eta Gasteizkoa 479,27koa.