Garbiguneetako hondakin elektronikoen bilketa %17 hazi da

Erredakzioa 2021ko abu. 24a, 16:57
Sei garbigune daude Araban. AFA

Iaz, gailu elektriko eta elektronikoen hondakin gehien bildu zituen garbigunea Langraiz Okakoa izan zen –29 tona–.

Arabako Foru Aldundiak lurraldean dituen sei garbigunek eta puntu berde mugikorrak gailu elektriko eta elektronikoen 130 tona hondakin baino gehiago bildu zituzten; informatikako eta telekomunikazioetako hondakin kopurua hazi da gehien aurreko urtearekin alderatuta: ia bikoitza izan da.

Hondakin horiek jasotzeaz eta kudeatzeaz arduratzen den European Recycling Platform enpresak emandako datuen arabera, iaz gailu elektriko eta elektronikoen hondakin gehien bildu zituen garbigunea Langraiz Okakoa izan zen: ia 29 tona, eta ondoren, Amurriokoa, 23,7 tonarekin. Oionen 20,7 tona jaso zituzten, Dulantzin 20,2 tona, Kanpezun 13,7 tona eta Gaubean 5,9 tona. Bestalde, puntu berde mugikorrak 16,9 tona jaso zituen guztira 2020an.

Hondakin moten arabera, 2020an gehien botatako gailuak etxetresna elektriko txikiak (37,7 tona), pantailak eta monitoreak (33,2 tona) eta hozkailuak, aire egokituak eta tenperatura trukatzeko bestelako gailuak (30,4 tona) izan ziren. Etxetresna elektriko handiak (garbigailuak, labeak, etab.) laugarren postuan daude (23,6 tona) eta, zerrendaren amaieran, berriz, informatikako eta telekomunikazioetako gailuak (4,8 tona).

Kopuru horiek 2019koekin alderatuz gero, gehien hazi den hondakin mota informatika eta telekomunikazio gailuena da (%98,7), ondoren tenperatura trukatzeko gailuak (% 40,4), eta, azkenik, etxetresna elektriko txikiak (% 25,5). Bide horretatik biltzen diren hondakinen artean, murriztu den hondakin mota bakarra etxetresna elektriko handiak izan dira, aurtengo kopurua %9,4 txikiagoa izan baita. Hala ere, bildutako bolumenaren arabera, produktu motek 2019koaren antzeko ordena izan dute, eta, beraz, pentsa daiteke pandemiak ez duela eragin berezirik izan arabarrek baztertutako hondakin elektronikoen tipologietan.

Hitzarmena berritu dute

Aldundiak eta European Recycling Platform (ERP) enpresak lau urtez berritu dute hondakinak kudeatzeko sinatutako hitzarmena, eta gehienez beste lau urtez luzatzeko aukera dute. Hitzarmenak bermatzen du Arabako garbiguneetan bildutako tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak jaso, eta ERPk behar bezala kudeatuko dituela.

Hitzarmenaren arabera, Arabako Foru Aldundiak bere instalazioetan jasotzen dituen gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak motaren arabera sailkatu eta aldi baterako biltegiratzeko ardura du. ERPk Aldundia konpentsatzen du lan horiengatik, eta, gainera, hondakin horiek tratamendu instalazioetara eramateko garraioa antolatzeaz eta finantzatzeaz eta ondoren hondakinak tratatzeaz arduratzen da, behar bezala baimendutako operadoreen bidez.

Horrez gain, ERPk hondakinen trazabilitatea bermatzen du, bilketatik birziklatze instalazioetaraino; hondakinak bildu, biltegiratu, garraiatu eta tratatu egiten ditu; hondakin mota bakoitza garbiguneetan aldi baterako biltegiratzeko edukiontzi eta kaiola egokiak jartzen ditu, eta egiaztatu egiten du hondakinen kudeatzaileek birziklatutako kopuruak indarreko legeriak eskatzen dituenekin bat datozela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide