15.000 euro bideratuko ditu Vital Fundazioak euskara ikasteko bekak emateko

Erredakzioa 2021ko abu. 24a, 15:32

Bekak 2021eko abuztuaren 30etik irailaren 29ra bitartean eska daitezke. UNSPLASH

Gasteizko IKArekin lankidetzan, 18 eta 25 urte bitarteko gazteei eta egoera ekonomiko ahulean dauden pertsonei euskara ikasteko bekak finantzatuko ditu.

Hizkuntzaren ezagutza eta erabilera sustatzeaz gain, kolektibo horri goi-mailako prestakuntza osoagoa lortzen laguntzea du helburu Vital Fundazioaren eta IKAren ekimen horrek, baita lan-merkatuan sartzeko tresna bat eskaintzea eta gizarteratze-prozesuan laguntzea ere.

Ikastaroak euskaltegian emango dira, eguneko 2, 3 eta 5 ordukoak izan daitezke, eta eskola-aldia urriaren 5etik 2022ko ekainaren 30era bitartekoa izango da. Gazteentzako beken zenbatekoa 265 eta 600 euro artekoa da orduen arabera; gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonentzat, berriz, matrikularen zenbatekoaren ehuneko ehunera irits daiteke –% 85 Vital Fundazioaren kontura eta %15 IKA Gasteizen kontura–.

Beken eskaera matrikula egitean entregatu behar da. Lehentasuna izango dute irakastordu gehien dituzten ikastaroak aukeratzen dituztenek, eta, laguntzak jasotzen badituzte, prestakuntza aprobetxatzeko eta gutxienez eskolen %75era joateko konpromisoa hartuko dute.

Bekak 2021eko abuztuaren 30etik irailaren 29ra bitartean eska daitezke. Aurkeztutako eskabide guztien artean onartutakoak urriaren 15a baino lehen jakinaraziko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago