Koronabirusa

Bi adineko hil dira koronabirusarekin Burguko eta Gasteizko egoitzetan

Erredakzioa 2021ko abu. 24a, 14:49

Txertatuta ez dauden langileei PCR proba egingo zaie astero. ALEA

Egoitzetako neurriak zorroztea erabaki dute Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek.

Arabako adinekoen egoitzetan bi pertsona hil dira covid-19arekin. Gainera, hamaika positibo berri atzeman dituzte zaharren zentroetan. Arabako Foru Aldundiak eman dituen azken datuen arabera, hildako horietako bat Burguko egoitzako erabiltzailea da eta bestea Gasteizko Jesus Guridi egoitzako 105 urteko pertsona bat da.

Azken astean, hamaika positibo berri atzeman dituzte: 8, Txagorritxuko Lorea egoitzan, Gasteizen; beste bi, Burguko egoitzan, eta azkena, Bernedon. Hala ere, kasu aktiboek behera egin dute egoitzetan. 26 dira aste honetan, aurrekoan 47 positibo izan ondoren. 

Protokoloa indartuko dute

Azken egunotan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zaharren egoitzetan jaso diren kutsaketak medio, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneratu eta indartu egin du zentro soziosanitarioetan Covid-19aren zaintzarako eta kontrolerako protokoloa. Hala, egoitza bakoitza dagoen lurraldean intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 300 kasutik gorakoa den kasuetan, egoiliarrak zuzenean artatzen dituzten langileei PCR proba egingo zaie: astean behin, txertoa hartu ez duten langileei, eta hamabost egunean behin, txertoa hartu dutenei. Halere, Arabako Foru Aldundiak adierazi du astean bi PCR egingo dizkiela txertoa hartu ez duten langileei, baina gogoratu du neurri hori gomendioa dela eta ez agindua.

Horrez gain, egoiliarren irteeretarako protokoloa ere eguneratu egin da gaua zentrotik kanpo igarotzen den kasuetan, eta zentrora sartzean PCR proba egingo zaie pertsona guztiei, txertoa hartuta egon edo ez egon. Orain arte, txertoa hartu gabe zutenei bakarrik egiten zitzaien.

Osasun Sailak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin adostu du protokolo berria. Administrazioek gogoratu dutenez, txertaketak aurrera egin ahala kasu positiboak nabarmen gutxitu diren arren, txertaketak "ez du erabat ezeztatzen kutsatzeko arriskua", eta, ondorioz, beharrezkoa da zentro soziosanitarioetan arreta-neurriak hartzen jarraitzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago