Kultura eta Kirol Sailaren helburuetako bat da toki erakundeek sustatutako ekimenei laguntza ekonomikoa ematea, "ondareari atxikitako elementuak kontserbatzeko edo zaharberritzeko esku hartzeak sustatze aldera". Aurten, aurkeztutako proiektuak mota askotakoak dira: harrizko gurutzadurak, bi koadro, ehun liturgikoak, bi arbel historiko eta Ekorako iturri neoklasikoaren aurrealdea, besteak beste. Ekorako Udalaren jabetzakoa da azken hori, eta 9.771,96 euroko inbertsioa egin beharko dute lehengoratzeko. 1861. urtearen inguruan hareharri landuz egindako iturri neoklasikoa da, ebakia eta beltzez eta gorriz margotua.
Halaber, Urarteko gurutzea zaharberritzea eta gurutzadurako fustea diseinatzea eta instalatzea onartu da. Urarteko administrazio batzarrarena da, eta 4.930,17 euroko inbertsioa egingo dute. Bestalde, Opakuako gurutzadura lekualdatu eta zaharberrituko dute –gaur egun Sarrian dago ondasuna–. Aguraingo Udalak sustatutako proiektuak 8.758,26 euroko inbertsioa izango du. Arroiabeko harrizko gurutzadura ere konponduko dute.
Margolanak ere
Bestetik, Zurbaoko administrazio batzarraren 1551ko betearazpen agindu bati dagokion pergamino baten 34 folio zaharberrituko dira; eta Foronda Antezanako administrazio batzarraren artxibo-funtsa zaharberrituko da, 5.904,80 euroko inbertsioa eginda.
Era berean, Llantenoko eskoletako bi arbel historiko lehengoratuko dituzte, baita Eltziegoko elizako kasulla bat, estola bat, dalmatika bat eta bi lepoko.