Araiako Jaialdiak 40 emanaldi ekarriko ditu 25 herritara

Erredakzioa 2021ko uzt. 30a, 12:43

Teatro Indigestoren 'Secuestrados' lana. / T. I.

Abuztuaren 12an hasiko da Umore Antzerki jaialdia, Teatro Indigestoren 'Secuestrados' lanarekin.

Aurten, hogeita zortzigarren edizioa izango du Araiako Umore Antzerki Jaialdiak, eta Araban, hiru astez, dozena bat konpainiaren lanaz gozatuko ahal izango da. Konpainia horietan, beti bezala, klown-a, antzerki fisikoa, zirkua, surrealismoa, musika, testu antzerkia, abangoardia eta umore dosi handiak izango dira, eta askotariko gustuetarako programazioa.

Araia jaialdiaren gune nagusia izango da, abuztuaren 12tik 15era. Arrazpi Berri kiroldegian barnealdeko ikuskizunak egingo dira ohi bezala, 22:30ean, eta lan hauekin gozatu ahal izango da: Secuestrados-en umore ganberroa, Teatro Indigestoren eskutik (hilaren 12an); Man Up-en hausnarketa lotsagabea, Teatro en Viloren eskutik (hilaren 13an); Lysistrata Aristofanesen klasiko berrikusia, Las Niñas de Cadizen eskutik (hilaren 14an), eta amaiera bikaina Konpromisoa-ren, Txalo Produkzioaken eskutik (hilaren 15ean). Funtzio bakoitzak 15 euroko sarrera izango du, eta laurak ikusiz gero sarrera 42 eurokoa izango da.

Urtero bezala, aurten ere ez dira faltako Araiako kaleko piezak, eta berriz ere ikastolako jolastokian prestatu den aire zabaleko esparruan egingo dira (Arrazpi Berriren alboan), leku kopurua kontrolatzeko helburuarekin gonbidapenak banatuz, eta oraingoan ez da zenbakirik egongo. Bost obra ikusi ahal izango dira aire zabalean: Set Up, Los Barlou-rena; Nudo, Rojo Telon-ena; La Bella Tour, izen bereko konpainiarena; Sin Ojana, Chicharron Circo Flamenco-rena, eta Espera, Circo Eia-rena.

Arrazpi Berriko ikuskizunetarako abonuen eta sarreren salmenta eta Araiako ikastolako jolastokiko ikuskizunetarako gonbidapenen banaketa abuztuaren 5ean hasiko dira, www.jaraialdia.com webgunean eta Entradium plataformaren bidez. Halaber, abuztuaren 5, 6, 9 eta 10ean, 12:00etatik 14:00etara, Arrazpi Berri kiroldegian aurrez aurreko salmenta egongo da.

Herriz herriko programa

Programazioko gainerako ekitaldiak Arabako herriz herriko zirkuituan egingo dira. Araian 9 pieza bilduko dira, eta 31 lurraldeko beste 24 kokagunetan banatuko dira, abuztuaren 6an hasiko direnak Komunioin, Bastidan eta Laudion, eta hilaren 28an amaitu, Amurrion eta Gesaltza Añanan. Biran egongo diren pieza horiek herri hauetan egongo dira: Artziniega, Berantevilla, Bergantzu, Eltziego, Izarra, Korres, Guardia, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Maeztu, Manzanos, Murgia, Okondo, Ondategi, Pagoeta, Pobes, Ribabellosa, Durruma Kanpezu eta Zuhatzu Kuartango. Kaleko ikuskizunak Araian eskainiko dituzten bost konpainiek ere Araban egingo dituzte ibilbide horiek, eta beste hiru gehituko zaizkie: Ganso&Cía-k Panoli Kabareta ekarriko du, Shakti Olaizolak Baldin Bada eta Maite Guevarak Qué buen día.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago