Emakume, bollera eta transek udako azken dantza egingo dute Garaionen

Erredakzioa 2021ko uzt. 30a, 11:45
Udaleku feministak, 2018an Garaion Sorgingunean. / GARAION

Gasteizko Bilgune Feministak Azken uda dantza izeneko festa antolatuko du irailaren 11n Garaion Sorgingunean. Emakume, bollera zein transei zuzendutako ekitaldiak, topagunea izateaz gain, txosnagunea, bertsoak, kontzertuak eta DJak izango ditu.

Datorren irailaren 11n, larunbatean, Garaion Sorgingunea emakume, bollera eta transen topagune bihurtuko da Bilgune Feministak antolatutako Azken uda dantza kultur ekimenarekin. Ureztatu elikatzen zaituena kanpainaren barruan, Covid-19ak kolektiboarengan eragindako egoera arintzeko asmo ekonomikoa izango du festak, alde batetik; baina Bilgune Feminista bultzatzen jarraitzeko, gozatzeko eta elkar zaintzeko elkargunea izatea da antolatzaileen helburu nagusia.

Horretarako, natura bete-betean dagoen Garaion espazio autogestionatuan elkartuko dira, "Araban elkargune feministak sortu eta hiritik kanpo eramateko asmoz". Halaber, ekitaldia bera ere "autogestionatua eta feminista" izango da, eta hainbat jarduera aurreratu dituzte jada, aurrerago xehetasun gehiago emango badituzte ere:

  • Bazkaltzeko eta afaltzeko aukera.
  • Txosnagunea.
  • Akanpatzeko tokia.
  • Egitarau feminista: bertsolariak, kontzertuak eta DJak.

Azaldu dutenez, Covid-19aren aurkako unean uneko araudira egokituko dute ekitaldia, eta segurtasun neurri guztiak bermatuko dituzte.

Informazio gehiago eskuratzeko, izena emateko edo beste edozertarako harremanetan jartzeko, bilgunegasteiz@gmail.com helbide elektronikoa du Gasteizko Bilgune Feministak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide