Hamasei herritara eramango dute Magialdia

Erredakzioa 2021ko uzt. 30a, 11:58

MagialdiArabaren zazpigarren edizioa izango da aurtengoa. ERIK MCLEAN / UNASPLASH

Gasteizen irailean egingo den jaialdiaren atarian, herriz herriko jaialdi ibiltaria egingo dute aurten ere, MagialdiArabaren zazpigarren edizioaren bitartez. 

MagialdiArabaren egitaraua prest dago jada. Ohi bezala, Gasteizko Magialdiaren atarikoa izango da herrietan abiatuko dutena. Abuztuaren 28tik irailaren 12ra izango da aurten. Irailaren 13tik aurrera, berriz, hiriburuak lekukoa hartuko du, egun horretan hasita eta irailaren 19ra izango baita XXXIII. Magialdia. 

Jaialdiak "prestakuntza, sorkuntza eta zabalkundea"  bateratuko dituela azaldu du Aldundiak, ohar batean. Jaialdiko zuzendari Jose Angel Suarezek, Ana del Val Kultura diputatuak eta Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opakuak atzo aurkeztu zuten egitaraua, Gasteizen. Azaldu zutenez, haurrentzako eta helduentzako magia lantegiak, gertuko magia animazioa eta magiari lotutako bestelako ekimenak egingo dituzte jaialdian zehar. Horietan, Hodei magoa, Tor magoa, Asier Kidam eta Imanol Ituiño arituko dira. 

Zazpi urtetik gorako haurrek aukera izango dute euskarazko magia tailerretan parte hartzeko. Txandaka egingo dituzte horiek, eta gehienez hogei adingabe izango dira, 45 minutuko txandetan. 

Herriz herri, hau izango da jaialdi ibiltariak egingo duen ibilbidea: Guardia (abuztuaren 28an), Agurain (29an), Done Bikendi Harana (30ean), Markiz (31n), Araia (irailaren 1ean), Maeztu (2an), Sobron (3an), Zurbao (4an), Ametzaga (5ean), Kuartango (6an), Legutio (7an), Espejo (8an), Labraza (9an), Pobes (10ean), Berantevilla (11n) eta, azkenik, Larrea (irailaren 12an).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide