Cohousing-aren jatorri modernoa Danimarkan kokatzen da, 60ko hamarkadaren hasieran. Korronteen arabera, adiera eta izaera desberdinak atxikitzen zaizkio ereduari: etxebizitza kolaboratiboa, etxebizitza komunitarioa, erabilera lagapena, etxebizitza-kooperatiba, co-op housing-a… Izaerak izaera, cohousing-ak (etxe)bizitza beharrak asetzera bideratutako etxebizitzen diseinu, sustapen, kudeaketa eta finantzaketa partekatua du oinarri. Espazio pribatu eta publikoen uztarketa proposatzen du, barrura (bizikideak) eta kanpora (auzoa, herria) begirako komunitate-dinamikak eta zerbitzuak aurreikusiz.
Kolektibo eta lege-marko adina cohousing proposamen daude munduan. Quebec-en, 1300 Coopératives d’habitation delakoetan, 60.000 lagun bizi dira, eta Suitzan Coopératives de construction et d’habitation-ak higiezinen ondare nazionalaren %8 dira. Uruguaiko 30.000 etxebizitza kooperatibak herrialde osoko etxebizitzen %3 dira. Espainiar estatuan Santa Maria d’Olo-ko (Bartzelona) Cal Cases masia eta Madrilgo Trabensol senior cohousingak izan ziren aitzindariak. Promozio pribatuetatik harago, lagatutako lursail edo/eta higiezin publikoetan garatutako cohousing-ek –Kataluniakoak gehienak– protagonismo handia bereganatu dute azken urteetan.
Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren EAEko Cohousing Ereduaren diagnostikoan hiru cohousing kategoria bereizten dira: cohousing eskuragarriak: etxebizitza‐premia egiaztatua duten kolektiboak eta etxebizitza espekulazioaren aurka blindatzea bilatzen duten belaunaldiarteko ekimenak barnebiltzen dituztenak; cohousing seniorrak: bizitzaren azken etapetan autonomia, independentzia eta bizi‐kalitate maila handiagoak bermatzen dituzten etxebizitzak, eta mendekotasuna artatzeko zaintzen eta zerbitzuen desmerkantilizazioa bilatzen dituzten proiektuak; eta landa eremuetan proiektatutako cohousing landatarrak.
'Cohousing' arabarrak
Araban kategoria guztietakoak topa ditzakegu; besteak beste, Lagungarri cohousing seniorra, Bizikoopon, Txinalka eta Bizileku belaunaldiartekoak eta landatarra eta belaunaldiartekoa ere baden Amaikasu.
Bizikooponek Gasteizko alde zaharrean erabilera-lagapen bidezko etxebizitza kooperatiba martxan jartzea du helburu. Izaera honetako egitasmoek paradigma aldaketa proposatzen dute: ohiko jabetza ereduaren ordez –alokairua edo erosketa– erabilera lagapenaren bitartez gauzatutako jabego kolektiboa izatea, alegia. Horiek horrela, kooperatibistek iraupen luzeko erabilera eskubidea dute, hasierako kuota eta erabilera kuota bat ordainduz. Etxebizitzaren truke balioa beharrean, erabileraren balioa lehenesten da.
Elkarri laguntzeko janari tupperrak elkarbanatzen zituen lagun talde batek sortu zuen Bizikoopon 2017an. "Ematen du egun etxebizitza egonkorrerako dugun aukera bakarra hipoteka bat dela… eta ez", dio argi kolektiboko Erlantz Anda Perezek (Gasteiz, 1984). Hainbat joan-etorriren ostean, egun bost bizikidetza unitatek osatzen dute, hiru ume eta zortzi heldurekin. Abiatu zirenetik Kataluniako La Borda eta La Dinamo Fundazioarekin hartu-eman estuan ibili dira. Gasteizko Udaleko 21 Zabalgunearekin behin baino gehiagotan bildu dira, baina kexu agertu da Anda: "Guretzako kriston esfortzua dena Udalarentzat tramite hutsa da. Gainera arduradun aldaketak egon dira eta pelikula kontatu behar izan dugu berriz, informazio eskualdaketarik egon ez delako". Esther Garciak (Val de San Lorenzo, 1977) gaineratu bezala, "eredu aurrerakoia iruditzen zaie, oso europarra, jasangarria, arkitektonikoki interesgarria… baina beste ekonomia eredu bat sustatzeko nahiarekin ez dugu borondate handirik ikusten". Bizikooponek begi onez ikusiko luke Udalak lursaila edo higiezina eskuratzeko lehiaketa publikoa egitea, baina irabazi asmorik gabeko erakundeei soilik zuzendurikoa balitz. "Gu ezin gara eraikuntza enpresekin lehiatu", dio Garciak. "Honi buruz hitz egiten hastean, jolas-arauak guztientzako berdinak izan beharko luketela esaten digute, eta ez da berdina etxearekin etekin ekonomikoa ateratzea edo hori galarazten duen eredu bat bultzatzea". Erosketa pribatuaren aukera erabat baztertzen ez badute ere, bestela egitea nahiago dute. "Maila lokalean ate berriak irekitzea litzateke, ez gaude bakarrik guretzako eskatzen, guretzako eta nahi duenarentzako beste eredu bat bultzatu nahi dugu", dio Andak. "Kontziente gara eredu hau ez dela eskuragarria jende askorentzat, ez dela inklusiboa, eta honek ez duela etxebizitzaren arazoa konponduko. Baina horrek ez du esan nahi ekarpenik egin ezin duenik".
Garciak ereduaren erabilera okerrarekin kezka duela aitortu du: "Hedatu ahala, gero eta zarata gehiago dago, eta jabetza pribatuaren bitartez ere bideratu daiteke, eredu hori ere zilegi da. Baina hori negozioa egitea litzateke". Horregatik ezinbestekoa iruditzen zaie eurek planteatutako erabilera lagapenean oinarritutako etxebizitza-kooperatiben eredua ezaugarritzea. Andak gaineratu duenez pedagogia falta da, "badago uste bat gizartean: hippie hauek… Jendearengana ez da heldu jabetza kolektiboaren inguruko informaziorik".
Txinalkako lagunengana ordea informazioa ezin hobeto heldu zen, hainbeste "Bizikooponen arrebufoa" direla aitortzeraino. 31 eta 52 urte bitarteko zortzi heldu eta hiru ume dira egun, sei unitate osatuaz. Hiru unitate, honezkero, alokairuzko pisu batean elkarbizitza praktikan jartzen hasi dira. Amaia Marañon Guzmanek (Gasteiz, 1975) dioenez, euren artean "interdependentzia" dute eta ez bakarrik familia nuklearrarekin: "Hori argi izanda, zergatik ez jarri praktikan? Electroduendeek zioten moduan: bakarrik ezin duzu, lagunekin ordea bai". Maider Nieves Marcosek (Gasteiz, 1987) gaineratu duenez, "zure burua bakartzen ikusten duzu, kuadrilla aldentzen, bizitza soziala oso indibiduala da eta ez dugu hori nahi. Elkarbanatzeak segurtasun eta goxotasun puntu bat du". Egitasmoaren izenaren esanahitik bertatik –etxeko zapatila zapalduak, Tolosaldeko euskaran–, etxe goxoa dute helburu. Gasteizko Eraztun Berdea da haien kokapen idealaren muga, garraio publikoa heltzen den lekuraino, bizikletaz mugitu eta kotxearen menpekotasuna ekiditeko. Marcosen arabera, laguntza publikorik gabe "proiektu hauek pixkat elitistak dira", egikaritzeko dirua izatea ezinbestekoa delako.
"Maila lokalean ate berriak irekitzea da asmoa; beste eredu bat bultzatu nahi dugu"
Erlantz Anda, Bizikoopon
Amaikasu da guztien artean egitasmorik gazteena eta landatar bakarra. Konfinamenduan jaio zen, hiru familiaren ekimenez. Whatsapp deialdia egin eta dozenaka lagun animatu ziren. Egun hamalau heldu eta zazpi ume dira, hamabi su (unitate). Ainara Zubillaga Baigorri (Irun,1979) hasierako sustatzaileetako bat da. "Ez zegoen hiritik atera nahi zuen egitasmorik, landa eremuan ez zegoen ezer, beraz beste zerbait sortzeko beharra zegoen". Asko jota Gasteiztik 25 km-ra kokatutako landa eremua dute jomuga, eta oinarriak argi: komunitatea, elkarrekiko begirunea eta laguntza, espazio pertsonala eta familiarra, espazio komuna, garapen profesionala, autosufizientzia energetikoa, natura, toxikorik gabea, ekologia eta euskara. Eider Gutierrez Ziardegi (1976, Arrasate) kideak badu komunitate bizitzan eskarmentua, Nafarroako Arizkuren ekoherrixkan eta Arterran bizi ostean. Ezagutu dituen komunitateetan hazitako umeen heldutasuna, ardura eta enpatiari inbidia dio, "komunitatean dena dute, onena kopiatu eta txarrena moldatzeko".
Amaikasuk ez du bere cohousing izaera erabaki oraindik, ezta proiektua lagatutako lursail publikoan edo pribatuan garatu nahi duen ere: "Dena dago irekita. Agian herrietako udalei interesatzen zaie, herria aktibatzeko, eta hori izan daiteke gure abagunea". Elkar zaintzea erdigunean jartzea ezinbestekotzat jotzen dute, prozesuaren hasierako urratsetatik, bakoitzarentzat zaintza zer den kontuan hartuz. "Distantzia soziala eta fisikoa inoiz baino presenteago dauden honetan, orain da elkartzeko eta bizimodu honetan elkar bizitzeko gure indarra azaleratzen den unea. Elkarrenganako konfiantza eraiki nahi dugu, tribua eta komunitatea sortu, gure bizitzako etapa desberdinetan babestuko gaituzten konfiantzazko sareak ehundu", azaldu du Ainarak.
"Tribua eta komunitatea sortu nahi ditugu, babestuko gaituzten konfiantzazko sareak ehundu"
Ainara Zubillaga, Amaikasu
Urteak dira Bizileku cohousing-eko kideak Ixileku elkartearen bitartez hartu-emanean daudela. "Guk marko teorikoa baino, elkarbizitza bera dugu landuagoa", azaldu du Ixilekuko lehendakaria den Josean Manzanosek (Gasteiz, 1967). "21 Zabalgunearekin erabilera lagapen aukera duten udal espazioak aztertzen egon ginen, eta Salburuko urmaeletatik eta Atariatik gertu kokatutako espazio bat hautatu genuen. Eskaera baztertzen zutela esan ziguten, zerbitzuetarako espazioa zelako".
Hamabi helduz osatutako sei unitate dira Bizilekun, eta hirian baina naturatik oso gertu bizi nahiko lukete. "Ikusirik cohousing egitasmoa aurrera ateratzea prozesu motela eta korapilatsua dela, eta jende guztiarekin mokoka ibili beharko garela, momentuan stand by-n gaude, beharbada ez digu merezi", azaldu du Manzanosek. Lagungarri cohousing seniorreko kideak antzerako energiarekin omen daude, euren egitasmoaz hitz egiteko ere gogogabetuta.
Bizilekuko lagunak, bien bitartean, B plana ontzen hasi dira: Nafarroako Artazako kanpinean sei etxebizitza erosi dituzte. Beraiez aparte, bizimodu organikoaren bila dauden pertsonak hurbiltzen ari dira bertara. 19 etxebizitza egingo dira orotara, meditazio yurta, sauna finlandiarra… "Ez da Gasteizko egitasmoarekin bateraezina, aurrera egingo balu, ikusiko genuke".
"Ko-laguntza", giltzarri
Arautu eta aitortu gabeko errealitatearen aurrean, cohousing eredua blindatuko duen marko legalaren aldarrikapena mahai gainean da. Testuinguru honetan, hain justu, aurreko ostiraleko Udalbatzan, Hirigintza Antolamendu Plan Orokor (HAPO) berrian horrelako ekimenetarako lurzoru-eskaintza jasotzeko eskaera egin zuen Bilduk, besteak beste.
Era berean "saretutako interlokuzioa" behar dela argi dute "presio kolektiboa" egiteko. Arabako egitasmo guztiek bere egiten dituzte Amaikasuko Eiderren Gutierrezen hitzak: "Elkarren berri izan behar dugu, partekatzeko, lana alperrik ez egiteko. Zenbat eta ideia gehiago konpartitu, hobe". Izan bedi erreportaje hau, lurraldeko egitasmoek elkarren berri izateko akuilu.