Abuztuaren amaiera arte izango dira musika eta antzerki proposamenak

Erredakzioa 2021ko uzt. 29a, 18:45

Teatro Paraiso taldearen 'Xocolat' lana. / Teatro Paraiso

Besteak beste, Pobes, Lantziego, Villanañe, Okondo eta Berantevillara helduko dira Vital Fundazioaren kultur proposamenak.

Abuztuan ere 'Vital Araban zehar' programak hamaika herritara eramango ditu bere musika eta antzerki proposamenak. Vital Fundazioaren kultura ekimen horrek Ondategi eta Pobesen agurtuko du uztaila, eta abuztuan berriz bisitatuko ditu Pobes, Lantziego, Villanañe, Ekora, Okondo, Armiñon, Mañueta, Navaridas, Berantevilla eta Sarria.

Ostiralean, uztailaren 30ean, Ondategiren txanda izango da. 20:00etan, Bengolarra parkean, Sarini zirko konpainiak Txoriak txori interpretatuko du. Familiarentzako ikuskizun bat da, lengoaia unibertsala, poetikoa eta dibertigarria duena. Uztailean, Vitalen programa larunbatean amaituko da, Pobesen egingo den emanaldiaren eskutik. 22:30ean, Goiti tabernako plazan, La pulga flamenko dantzariarekin egingo du agurra.

Lantziegok eta Villanañek hartuko dute lekukoa abuztuan. Larunbatean, hilak 14, 19:30ean, Lobo eta Carmine taldeak country-mex musika eramango dute Lantziegoko Frailearen Baratzera eta Infraganti taldeak, emakume ahots batek eta baxu, gitarra, saxo eta bateriako laukote instrumental batek osatutako talde gasteiztarrak, gauza bera egingo du, 20:00etan, Villanañeko azokako plazan.

Luis Aranburu Musika Eskolako konboetatik jaiotako talde horrek astebete geroago Ekoran errepikatuko ditu bere musika estiloak: jazza, swinga, bossa, funka, soula, bluesa eta erritmo latinoak. Ostiralean, hilak 20, 20:00etan, tabernako plazan.

Hilaren 24an, asteartean, 12:00etan, Dramagiak Secretos de un viajero mágico bere antzezlana eskainiko du Okondoko udal karpan.

Ostiralean, hilak 27, 19:00etan, Más de lo mismo saioak bere musika eramango du Armiñongo gizarte zentrora. Egun horretan bertan, Teatro Paraisok bere azken sorkuntzetako bat eramango du Mañuetako areto nagusira, 20:30ean: Xocolat. Programazioak larunbatean, hilak 28, jarraituko du, eta hiru herritan egingo dira emanaldiak. Teatro Paraisok bere antzezlana eskainiko du berriz ere, oraingoan, 20:00etan Navaridasen. Ordu horretan bertan, Pobeseko frontoi zaharrean Toc toc antzezlana izango da eta Berantevillako plazan Aldakan Beltz taldearen jazz kontzertua. Ahots, saxo, gitarra, teklatu, kongak eta bateriaz osatutako talde horrek afrikar eragina duten pieza erritmikoz osatutako bere errepertorioa interpretatuko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide