Nagore Ortiz eta Yina Romo dira gaurkoz Arabako Erreskaterako Txakurren taldeko kiderik zintzoenak. Astero biltzen dira, Yako malinois arrazako txakurrarekin entrenatzeko. Gida lanak egiten ditu Ortizek eta figurantearen papera Romok. Zaunkak entzuten direnean txakurrak lana ondo egin duela esan nahi du.
Pertsonen erreskatearen eta salbamenduaren mundutik dator Ortiz. Beste talde batzuetan parte hartu du, eta erreskate txakurren gida bezala ere prestakuntza jaso du; halaber, hainbat seminario eta ikastarotan izan da, baita probetan ere. "Kuriositateagatik sartu nintzen. Txakurrak gustatzen zitzaizkidan, baina ez nekien zehazki zer egin, hainbeste modalitate daudenez...". Azkenean, erreskatea aukeratu zuen txakurraren instintuaren alde doalako, eta animaliak asko gozatzen duelako ariketetan. "Txakurrak nola korrika egiten duen ikustea, nola gozatzen duen, nola markatzen duen, zaunkak... ikaragarria da".
Romok, berriz, umeekin lan egiten du, eta Nenet bere border collie txakurra haurrekin terapiak egiteko erabiltzen hasi da. Horretan ari da lanean, eta Gaubean sortu berri duten GPS-Araba taldearen beste modalitate bat bezala lantzeko asmoa du. "Txakurraren gorputza eta gogoa prestatzen ditugu modu ludiko batean, pentsatzen laguntzen diogu ariketen bitartez, eta gaitasunak erakusten dizkiogu umeekin bereziki ariketa dinamikoak egin ditzan".
Kirol modalitatea
Salbamenduari dagokionez, taldearen helburua erreskaterako txakurren modalitatea kirol bezala praktikatzea da, eta ildo horretan, kirol disziplina moduan onartzea ere aldarrikatzen dute Arabako taldeko sustatzaileek. Izan ere, erreskaterako txakurren talde profesionalak soilik kontuan hartzen dira, haien esanetan, eta alde batera uzten da entrenamenduaren alde ludikoa, kirola eta "txakurrarekin disfrutatzea".
Ortizek azaldu duenez, salbamendurako eta erreskaterako txakurren Espainiako edo erkidegoko elkartean parte hartzeko erakunde batekin –Udalarekin edo 112 zerbitzuarekin– kontratua egin behar da. GPS-Arabak, aldiz, 112rekin joateko beharrik ez du izan nahi. "Sekulako ardura da, eta jende guztia ez dago prest horretarako. Badakigu atseginagoa dela agian modu profesionalean aritzea, jendeari gehiago gustatzen zaio, aitorpen sozial handia duelako".
Alta, lehenik eta behin, modu profesionalean aritzeko behar diren ziurtagiriak, homologazioak eta nazioarteko probak pasatu beharko lituzkete txakurrek eta gidariek. "Txakurrak ondo prestatuta dauzkagula ziurtatu behar dugu; ezin dugu abentura bat izango balitz bezala jokatu, pertsonen bizitza arriskuan dagoelako eta gauzak oso ondo landu behar direlako aurretik, denbora behar da", azpimarratu du.
"Ezin dugu abentura bat izango balitz bezala jokatu; bizitzak daude arriskuan"
Romok gaineratu duenez, modu profesionalean ibili aurretik maila pertsonalean ere lan psikologikoa egin behar da gertatu daitezkeen ezbeharrak aurreikusteko. "Zonalde bat arakatzeko eskatzen didatenean, bilatzen ari naizen pertsona hori aurkitzen ez badut? Sekulako erantzukizuna da eta prestatuta joan behar da", nabarmendu du.
Beraz, momentuz nahiago dute gauzak lasaitasunez egitea, beharrik gabe, nahiz eta etorkizunera begira ez duten baztertzen modu profesionalean aritzea. "Denok ditugu bizitza bat, familia, ikasten gabiltza edo lanean. Taldea sendotzea lortzen baldin badugu, seriotasunez lan egitea, jendearen konpromisoarekin, ideala izango litzateke, adibidez, Babes Zibilekoekin lan egitea".
Gutxienez, bi urteko lana
Txakurrekin praktikatzen diren beste modalitate batzuen aldean abantaila handiak ditu erreskateak bi emakumeren irudikoz: "Txakurrarekin lotura indartu egiten da, bikotea sendotu eta obedientzia ere landu egiten da". Ortizek esan duenez, taldea sortzearen asmoa da txakurrekin lan egitea, elkar ezagutzea eta haiekin disfrutatzea. Dena den, gutxieneko konpromisoa ezinbestekoa da sortu berri den taldean parte hartzeko. Egun, bost lagun daude eta "idealena" astean bi egunetan elkartzea litzateke, "egun batean obedientzia lantzeko eta beste batean bilaketak area zabaletan".
Ohartarazi dutenez, edozein txakurrek ez du balio salbamenduan aritzeko, bulldog frantses bat, adibidez, fisonomiagatik baztertua dago, arnasteko arazoak dituelako. "Ez du zertan izan behar arrazako txakur bat, malinois bat edo alemaniar artzai txakurra. Guk horiek erabiltzen ditugu, errazago delako; lanerako txakurrak dira, fisikoki oso indartsuak dira, eta gaitasun mental handia dute, baina mestizo batek ere balio du". Arraza baino garrantzitsuagoa da, beraz, txakurrarekin lan egin nahi izatea, egun batetik bestera ez delako erreskaterako txakur bat hazten. "Bi urteko lana behar da gutxienez", nabarmendu du Ortizek.
Bera, hain zuzen, horretan dabil Yakorekin, erreskaterako bere lehen txakurrarekin. Mendian galdu edo istripua izan duten pertsonak bilatzeko entrenatzen ari da txakur argia eta azkarra, mendiko zonalde zabaletan. Armentiako txakurtegitik hartu zuen urte eta erdi zuenean, arazo handiekin. "Txakurrak ez zekien ezer, hozka egitea, hori besterik ez, niri ere hozka egin zidan. Tara bat zuen eta laguntza eskatu zidaten, txakurtegian zeuden txakur guztiekin borrokatzen zuelako".
Gidaria, figurantea eta txakurra
Ikusgarria da Yakok egin duen aldaketa. Erreskatatua izatetik erreskaterako izatera eman duen pausu erraldoiaren lekukoa izan da ALEA, Gaubeako mendietan. Hiru aktore nagusi behar dira erreskatearen entrenamendua egiteko: txakurra, gidaria eta figurantea. Horien artean ezinbestekoa da txakurra, eta gakoa figurantea.
Biktimaren papera egiten duen pertsona da figurantea, eta ondo ezkutatu behar da txakurrak aurkitzeko. Oso harreman ona izan behar du aurretik animaliarekin, lasaitasuna transmitituko du txakurrak behar duenean, eta erakutsiko dio egoera desberdinen aurrean erantzuten. "Figurantearen zeregina aspergarria da eta ez oso ezaguna, baina oso garrantzitsua da talde gisa jarduteko".
"Bilatzen ari naizen pertsona aurkitzen ez badut? Sekulako ardura da"
Bestalde, entrenamendua oso ondo antolatua egon behar da, eta beti txakurraren instintuaren alde jokatu behar du gidariak. Haizearen norabidea eta orografia kontrolatu behar ditu lehenik eta behin, eta txakurra askatzeko toki egokia aukeratu. "Lan guztia egiten duena txakurra da, baina gidaria da bere sostengua, zurekin fidatu behar da, eta zuk lagundu behar diozu". Biktima aurkitzen duenean zaunka egin behar du txakurrak, ozen eta indartsu, gidaria iritsi arte; pertsona zauritu bat aurkitu duen seinale da hori.
Arrastoa jarraitzea edo usaintzea
Erreskaterako txakurrek bi modutara lan egin dezakete, entrenamendu motaren arabera: arrastoa jarraitzea da bat eta usaintzea bestea. Arrastoa jarraitzen duten txakurren kasuan, txakurrari biktimaren arropa ematen diote usaintzeko eta arrasto hori jarraitzen du. "Biktimak lurra zapaldu duenean utzi dituen partikulak eta ibiltzean utzi dituenak jarraitzen ditu".
Beste txakur batzuek, ordea, gizakien usaina bilatzen dute inguru batean, aire korronteak erabiliz. Geldi dagoen pertsona bat aurkitzeko erabiltzen dira, espazio zabaletan, mendian edota obra-hondakinetan. "Txakurrak ez daki noren bila doan; guregana etorriko da, usaindu eta baztertuko gaitu, ondo gaudelako, eta lanean jarraituko du. Usain arraroa nabaritzen badu badoa ikustera zer den hori, eta ikusten badu pertsona bat dela zaunka egiten du", azaldu du Ortizek. Benetako bilaketa batean, boluntario asko daudenean ere gai da txakurra usainak desberdintzeko. "Pertsona horien guztien ingurura hurbilduko da, usain guztiak prozesatu eta baztertuko ditu, eta aurrera jarraituko du. Zoragarria da ikustea nola egiten duten lan".
Dena den, zailena obedientzia da, txakurra erabat kontrolpean izan behar du gidariak, egoera zail eta arriskutsuetan lan egin behar baitute. Horregatik oinarrizko ariketak ondo menperatu beharko ditu: "Deia, ondotik ibiltzea, esertzea, etzatzea eta geldi egotea". Animalia trebea izatea ere garrantzitsua da. "Txakurraren emozioekin jolasten saiatzen gara, eta horiek erabiltzen ditugu gure lanerako, beti positiboan, beti txakurraren alde, instintu guztiak baliatu behar dira lanerako".