Lan istripuak

"Gure kasu berean dagoen jendeari esaten diot amore ez emateko"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko abu. 16a, 08:00

Samuel Torres Calvoren aita lan istripu batean zendu zen iaz. Aurki izango dute epaitegietan lehen bista.

Hildako langileen familientzat luzea eta gogorra izaten da ezbeharraren ostean zabaltzen den prozesua, senidearen heriotzak eragindako sufrimendua areagotuz. Lan istripuen ikerketak denboran asko luzatzen dira, eta ehunka agiri bildu behar izaten dituzte. ALEAk iaz Gasteizen lan istripuan hildako langile baten semearen eta lan osasun arloko teknikarien testigantzak jaso ditu.

LAB sindikatuaren arabera, 75 langile hil ziren iaz lan istripuetan Euskal Herrian, eta aurten zazpi dira jada lantokian bizia galdu duten beharginak. Azkena, aste honetan bertan, Donemiliagan, bi kamioiren arteko talka baten ondorioz. Lan istripu horiek eragiten dituzten arrazoien inguruan sarritan hitz egiten da: prekarietatea, gehiegizko lan zamak eta prebentzio neurrien falta dira sindikatuek behin eta berriz mahai gainean jarri dituzten arazoak. Mobilizazioak ere antolatzen dituzte beharginen lankideek eta sindikatuek, hildako langilearen familiarekin elkartasuna adierazteko eta ezbeharra salatzeko. Hori guztia jasotzen da hedabideetan, baina behin pankarta biltzen dutenean, heriotza eragin duen lan istripua desagertzen da, hurrengo heriotza arte.

Bada, momentu horretan bertan hasten da hildako langilearen gertukoentzat biderik latzena. Lan istripua larria, oso larria edo hilgarria denean Osalanek eta Lan Ikuskaritzak ofizioz esku hartzen dute, eta ikerketa bat abiatzen dute, istripuaren kausak ezagutzeko eta enpresak zer ardura izan dezakeen argitzeko. Kasu askotan, hilabete dezente itxarotea tokatzen da, istripuaren konplexutasunagatik ikerketa zaila suertatzen delako.

"Abokatuak ikusi nahi ditut nire aitaren duintasuna defendatzen"

Alberto Alonso Arabako Osalaneko teknikariak azaldu duenez, lan istripu hilgarri bat ikertzeko gutxienez hiru hilabete behar dira. "Faktore desberdinak daude, tartean lekukoak dauden edo ez, enpresak lan osasuneko dokumentazioa eskatzen diogunean jartzen dizkigun trabak edo ematen dizkigun erraztasunak, autopsiaren txostena eskatu behar dugun edo ez; Ertzaintzaren atestatua ere behar dugu eta auziak auzitegietan sartzen direnez epaitegira jo behar dugu...". Ikerketa ixteko, beraz, txosten asko, tramite ugari eta denbora dezente behar izaten dute Osalaneko teknikariek.

Bitartean, familiek itxarotea beste erremediorik ez dute. "Nahiz eta jakin prozesua gogorra eta luzea izaten dela, normalean familiei indarra ematen die ardura horiek azaleratzeak". Izaro Mujika ELAko Lan Osasuneko Bulegoko kideak nabarmendu duenez, justizia bilatzen dute lan istripuaren biktimaren familiek, eta sentimendu horrek indarra ematen die. Gainera, sarritan entzun behar izaten dute langile horrek "zerbait" egingo zuela istripua izateko, eta "horrek amorrazioa ere sortzen du".

Desgaste psikologiko handia

Aita aldamiotik erori eta hil egin zela telefonoz jakin zuen Samuel Torres Calvok, Galiziako senide batek hots egin zionean. "Une hartan, justu amarekin nengoen, mandatuak egiten, eta Galiziatik deitu zidaten, arratsaldeko seietan, eta bat-batean albistea eman zidaten". Ordutik bide luzea eta gogorra egin du, enpresak istripuaren ardura bere gain har dezan eta mutuak kalte ordainak onar ditzan. "Prozesuak desgaste psikologiko handia eragiten du, baina gure kasu berean dagoen jendeari esaten diot amore ez emateko, oso bide latza dela baina bestela galduko dutela maite duten pertsona eta beste guztia".

Aita Jose Torres zen. 2020ko urtarrilaren 2an hil zen, Gasteizko Olarizuko obra batean aldamio batetik erori ostean. Lehen klasekoigeltseroa zen eta Arnaiz Asc 21 enpresa eraikitzailearentzat lanean ari zen ezbeharra jazo z0enean. Gauza asko utzi zituen atzean Jose Torresek Galiziatik Euskal Herrira mugitu zenean, 2000. urteko abenduaren 22an. "Bizitza osoa utzi behar izan genuen, dena, –esan du semeak– ez dugu bizimodu erraza izan". Ehizara joatea gustatzen zitzaion Jose Torresi, eta itsasoa. "Itsasoan hazi eta itsasoan lan egin duen pertsona bat itsasotik bereiztea.... Baina tira, azkenean lana atera zitzaion hemen, eta urteak aurrera egin ahala egokitu zen". Jaioterria utzi eta hogei urtera gertatu zen tragedia.

"Auzitegian bizi ginen"

Biktimaren emazte ohia eta semea LABeko lan osasuneko delegatuak ziren istripua jazo zenean, eta sindikatuko abokatuen eta kideen gertuko laguntza izaten ari dira hasieratik prozesuan. Halere, oztopo asko topatu dituzte lan istripua aitortzeko beharrezkoak diren tramiteak egiteko eta dokumentazio guztia lortzeko. Ondo gogoratzen du Torresek amarekin epaitegira joan zen lehenbiziko aldiz bertako langile batek abokatua hartzea aholkatu ziola. "Une horretan ez dakizu abokatu bat behar duzula. Hau da, aita hil berri da, eta ez dakit bere buruaz beste egin duen, estropezu egin duen, istripuren bat izan duen, edo beste norbaitekin liskarrik izan duen. Eta langile horrek begiratu eta esan zigun: abokatu bat bilatu, hemen badago zertaz hitz egina".

"Ama ibili da idazkari lanak egiten. Lan Ikuskaritzara hirurehundik gora telefono dei egin behar izan ditu"

Ohikoa bilakatu zen familiarentzat auzitegira joatea. "Ama eta biok auzitegian bizi ginela ematen zuen". Izan ere, soilik Torresen gauza pertsonalak berreskuratzeko –poltsa bat eta bi kreditu- txartel– hiru hilabete itxaron behar izan zuten; eta mutuak kalte ordainen inguruan erabakitzeko eskatu zien dokumentazioa biltzeko ere hilabete luzeak eman zituzten. Ama eta semea arduratu behar izan dira agiri guztiak eskuratzen, "autopsiaren txostena eskuratu behar duzu, Ogasunera joan behar zara, Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen txostenak eskatu behar dituzu... Finean, mutuaren lan zikina egiten duzu. Ez dut ulertzen zergatik kaltetutakoek egin behar duten mutuaren lana, ama ibili da idazkari lanak egiten, Lan Ikuskaritzara hirurehundik gora telefono dei egin behar izan ditu".

Paper guztiak aurkeztu ondoren, mutuak ezezkoa erantzun zuen. "Zergatik eskatzen dizkidazu paper batzuk gero ezetz esateko? Esadazu hasieratik ezetz, eta kito, zuzenean goaz epaitegietara". Bada, orain, erakundeen ikerketa-txostenak epaitegiaren esku daude, eta hurrengo hiruhilekoan izango dute aurreneko bista. Torresen heriotza eragin zuen lan istripuan enpresak duen ardura argi utzi du Lan Ikuskaritzaren txostenak; eta Osalanek ere langileen segurtasuna jokoan jarri zela iradokitzen du bere azterketan. "Oso gaizki atera behar dira gauzak epaitegietan enpresak bere ardura saihesteko", azpimarratu du Torresek.

Epaiketaren unea latza izango dela jakinda ere, aitaren heriotzaren "kapitulua" ixteko beharra sentitzen du orain bere semeak. "Enpresari eta mutuari aurpegia ikusi nahi diet. Zer defendatzen duten entzuteko gogoa ere badut. Eta abokatuak nire aitaren duintasuna defendatzen ikusi nahi ditut. Azken minutu horietan aitarekin egon diren pertsonei ere aurpegira begiratu nahi diet eta benetan zer gertatu zen jakin".

Denborak eta medioak, arazo

Horrelako prozesuetan familien sufrimendua arintzeko, denborak murriztea eta izapideak bizkortzea ezinbestekoa ikusten du ELAko Lan Osasuneko Bulegoko Izaro Mujikak. "Asko kostatzen zaigu dokumentazioa lortzea. Epaitegi bidez eskatu behar dira asko, eta horrek zailtzen digu bidea guri eta familiari. Gainera, sarritan enpresek ez dute ezer eman nahi badakitelako bertan arau hausteak daudela; beraz ez badituzte behartzen ez dute ezer ematen".

Bestalde, ELAko arduradunaren irudikoz, ikerketak ixteko denborak horrenbeste luzatzearen arrazoi nagusia Lan Ikuskaritzan eta Osalanen dagoen teknikoen falta da. "Medio gehiago behar dira Eusko Jaurlaritzaren aldetik". Halaber, uste du arduradun politikoen aldetik, zenbait kasutan frenoa jartzen zaiola prozesuari. "Osalango langileak profesional hutsak dira, baina haien aldetik dagoen jarrera proaktiboa mozten zaie arduradun politikoen partetik, frenoa jartzen zaie eta bere lana mugatuta izaten dute".

Lantokian jazotako istripu baten atzean zer gertatu den jakiteko ezinbestekoa izaten da enpresak informazioa ematea. Arabako Osalaneko teknikari Alberto Alonsok azaldu duenez enpresa txikiagoa den heinean "agirien kalitatea" txikiagoa da, medio gutxi dituztelako eta prebentzioari ez diotelako behar bezalako garrantzirik ematen. Baina enpresa handiek ere ikerketa lana moteldu dezakete, eskatu ez zaizkien agiriez zerbitzua gainezkatuz.

"Gaur dena da Covid baina jendeak lanean hiltzen jarraitzen du"

Alonsok azaldu duenez ez da erraza ikerketa egitea. "Ez da telesailetan bezala. Maiz, zerbait ikusi dutenek ez dute ezer esan nahi eta normalean begiratu batean ez dago argi zer gertatu den". Aipatu duenez, gero eta gehiago lekukoen hizkuntza da arazoa, etorkin asko daudelako, eta ez dute hizkuntza ulertzen. "Istripuaren arrazoia oso gutxitan dago begi bistan".

Osalaneko teknikariaren esanetan, une honetan zerbitzua soilik larriak, oso larriak eta hilgarriak diren kasuak ikertzeko gai da. "Iragan urtetik, pandemiak baliabide asko kendu dizkigu, istripu arinak artatzeko aukera edo kalean gehiago egotea. Dena da Covid, baina jendeak lanean hiltzen jarraitzen du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago