Lurdes Lekuona | Lautada

Auzolanean, hamaika aukera

Anakoz Amenabar 2021ko abu. 18a, 14:00

Kulturgunea eta elkargunea ere bada Lazarraga jauregia. / Iñaki Armentia

Zalduondon indargune garrantzitsua den Lazarraga jauregitik hasi du bisita Lurdes Lekuonak. Herriak batuta egindako lanaren isla dira, besteak beste, bertan ezagutu daitezkeen inauteri ospetsuak.

Lazarraga jauregian jarri du Lurdes Lekuonak (Gasteiz, 1958) Zalduondo inguruetako bisita egiten hasteko abiapuntua. Gustuko du XVI. mendeko eraikin dotorea, baina are bereziagoa da horrek mugiarazten duenagatik. "Herriaren kulturgunea da, eta baita elkargunea ere. Bi arrazoi horiengatik balio berezia du jauregiak, eta oso maitatua da herrian". Zalduondo ezagutzen hasi eta arakatzen jarraitzeko ezinbestekoa, beraz.

Zalduondoko kultura elkarteko kidea da Lekuona, eta ondo ezagutzen du Lazarraga jauregia, bertan antolatzen baitira jarduera nagusiak. "Gustatzen zait elkarteko gauzak egitera joatea etxe handi horretara. Isiltasuna nagusi, lasaitasun berezi bat sumatzen da bertan". Hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak... denetarik biltzen du San Saturnino elizaren ondoko eraikin honek.

Inauteriei buruzko erakusketa dago Lazarraga jauregian, besteak beste. / Alea

Blas Arratibel zeramika aretoa, herri inauteriena, XVI. mendeko pinturak eta Lazarragaren eskuizkribuari buruzko aretoa ere bisitatu daitezke jauregian. Igande eguerdietan izaten da zabalik, baina aurretik hitzordua eginez gero bada beste aukerarik ere. "Izugarri ederrak dira pinturak, merezi du bisitatxoa", nabarmendu du Lekuonak. Lazarraga eta Santa Cruz jaunen margoak dira, gaur egun galduta dagoen Zalduondoko dorre nagusiko jaunenak.

"Isiltasuna nagusi, lasaitasun berezi bat sumatzen da Lazarraga jauregian"

Pinturekin batera, ordea, inauterien atala da bereziena Lekuonarentzat. Zalduondora heldu berritan, kultur elkartean hasi eta berehala lotuta geratu zen Zalduondo eta inguruko herri inauterietara. "Barrutik ikusten duzunean jendearen inplikazioa, gazteek nola bizi duten zaharragoengandik jasotakoa, hamasei urterekin nola hasten diren prestatzen... Harrapatu egiten zaitu". Herrian hitzordu garrantzitsurik bada, Markitosen inguruko festa da hori, horrek atzetik dakarren elkarlan sendoarekin: "Ondo pasatzeaz gainera, herria batzen duen jaia dira inauteriak. Esanahi indartsua du atzetik jai honek; beste ekitaldi batzuk ere badaude, baina hau da gogo biziz denak elkartzen dituena", gogoratu du. Kultura elkarteko atal garrantzitsua dira inauteriak, baina herrian errotutako jaia izanik, modu errazean antolatzen dituzte: "Esfortzu handirik gabe mantentzen da. Lana bada, baina oso aberasgarria". 

Arabako Herri Inauteriak elkarteko lehendakaria da Lurdes Lekuona. / Alea

Herri bizia da Zalduondo, eta beste hainbeste kultur jarduera ere izaten dira urtean zehar. Aurtengoa, noski, ez da espero bezain oparoa izango. "Kultura elkarte moduan, nahiko geldi utzi gaitu honek guztiak, aurtengo jarduerak kolokan". Horien artean, uztailean herri bazkari handi bat antolatzen dute urtero, baina aurten zehaztu gabe dute oraindik nola egingo duten. "Jende asko elkartzen da bazkari horretan, eta hitzordu garrantzitsua da, baina ikusiko dugu posible den edo hurrengo urterako utzi beharko dugun".    

Herri txikia bada ere, 200 bat biztanle ingurukoa, ez da ekimenik falta. Zeledon Toki elkarte gastronomikoa, azken urteetan indartuta datorren bertso eskola edota emakumeen taldea. Besteak beste, indarkeria matxistaren kontrako udalerri izendatu zuten Zalduondo 2017an; sinadura bilketa martxan jarri zuten gazteek eta herritar ugari batu zen manifestura, ostean Udalaren konpromisoa lortuta. "Berdintasunaren aldeko ordenantza bat abian jarri zen, eta lan herrikoi handia egin da, prozesu parte-hartzaile polita izan da herrian", azpimarratu du Lekuonak. Ordenantza onartu berritan, "aurrekaririk gabeko" ekimena izan zela esan zuen Gustavo Fernandez Villate alkateak, "gure udalerriko gazteriaren kontzientziazio eta konpromiso maila islatzen duena".

"Barrutik ikusten duzunean jendearen inplikazioa, lana... harrapatu egiten zaitu"

Izan ere, elkarlana eta auzolana ezinbesteko osagaia dira Zalduondon. Duela egun gutxi 50 bat lagun elkartu dira garbiketa lanak egin eta herria txukuntzeko. "Herria bizitzeko beste modu bat da auzolana; denen artean lanak egin, ostean hamaiketakoaz disfrutatu... herria egiteko modu bat ere bada, garrantzitsua Zalduondon". Urtean birritan izan ohi da auzolanean parte hartzeko deialdia deialdia. 

Herriaren erradiografia egin eta lanak amaituta, Lazarraga jauregiarekin batera, Txaroste ingurua ere bisitatu behar du Zalduondora gerturatzen denak, Lekuonaren ustez. "Izugarri ederra da ingurua; Ametzaga erreka, harrizko zubia, garbitokia... ederra da Zalduondo kar-kar!".

Indarkeria matxistarik gabeko herri izendatu zuten Zalduondo. / L.Lekuona.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago