Lur Araba, ortuetako jakiak ontzi txikietara

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko abu. 11a, 08:00

Zuriñe Vigalondo Ekotarriko kontserba-etxeko jabea, lanean. E.U.

Lur Araba proiektua martxan jarri zuen Ekotarriko kooperatibak orain dela bi urte, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren soberakinak kontserbetan eraldatzeko. Hogeita hamar ekoizle bildu dituzte egitasmoan eta berrogeitik gora jaki berri sortu dituzte, gehienak ekologikoak. Ahabiak dira erreginak.

Upeltegien industriarekin batera, kontserba-industria da Euskal Herriko zaharrenetakoa. Aski ezagunak dira gure artean euskal kostaldeko arrain-kontserba ospetsuak edota Nafarroako baratzetakoak. Tradizio horri atxikitu nahi izan zaio Lur Araba proiektua. Lurraldeko nekazarien eta abeltzainen produkzioaren soberakinak "berrerabiltzeko" formula bezala jaio zen orain dela bi urte, eta dagoeneko bilatu du toki xume bat Arabako zein inguruko beste herrialdeetako ekoizleen eta kontsumitzaileen artean.

Proiektuaren habia Kuartangoko bainuetxean orain dela bost urte zabaldu zuten Ekotarriko kooperatiba izan da. Zuriñe Vigalondoren esanetan, marka propioa izango zuen kalitate handiko kontserba- fabrikaren hasierako egitasmoa ezin aurrera eramaten ibili ziren bi urtez; eta amore emateko tenorean zeudenean Lur Araba martxan jartzea pentsatu zuten, alternatiba bezala.

"Gure produktu propioak egiten hasi ginen 2015ean, eta lehen lerro bat merkaturatu genuen 15 produkturekin, dena ekologikoa, babarrunak barazkiekin, idi-haragi bolak, patatak txorizoarekin, vichyssoise krema etabar. Baina gauza bat da kozinatzea eta transformatzea eta beste gauza bat da saltzea... Akigarria zen; diru asko utzi genuen asmo horretan".

"Etxean kontserba eginez gero, produktoreak duen arazoa da ezin duela azokara eraman"

Ikusirik marka propioak ez zuela aurrera egiten, Europatik jasotako kooperaziorako diru-laguntza bat baliatu zuten Vigalondok eta Maitane Beltran de Gebara bere alabak familiako enpresaren ideiari buelta emateko. Irabazitako esperientzia, kontserbak egiteko prozesuaren ezagutza, Kuartangoko Udalak utzitako lokala eta baliabideak Arabako ortuzainen zerbitzura jarri dituzte. "Ortuzaina baratzean dago barazkiak eta frutak zaintzen, eta ez du astirik pentsatzeko produktu hori nola landu behar den, nola esterilizatu, nola etiketatu behar den".

Gainera, produktoreak ohitura du kontserbak etxean egiteko, ohiko moduan: "Herri guztietan egiten dira tomateak edo piperrak, baina etxean eginez gero produktoreak duen arazoa da ezin duela azokara eraman, osasun erregistroa behar duelako; hemen aukera ematen diegu produktu hori transformatzeko eta merkaturatzeko".

Bakoitzaren izaera gorde dute

Produktore bakoitzak bere izaera gorde du Lur Araba proiektuaren barruan, eta garaiaren arabera soberan geratzen zaizkien produktuak kontserbak egiteko erabili dituzte. "Garbigune baten antzekoa gara, elikagaien garbigunea, elikagaiak galtzen ez direla bermatzen dugu, eta, gainera, bizitza luzea ematen diegu. Barazkiei, prestatzeko moduaren arabera, bi urteko iraungitze-data bermatzen diegu, eta haragiari lau urte, motaren arabera".

Oletako Atxineta baserriko ahabiak ari dira prozesatzen aste honetan marmita erraldoietan eta fruta-prentsan. Hamabostean behin gutxi gorabehera 500 kilo ahabi eramaten ditu Atxinetak Kuartangoko kontserba-etxera, zukua eta lau mota marmelada egiteko. "Ekaina, uztaila eta abuztuan zehar jasozen ditu ahabiak, eta bat-batean 12.000 kilo jaso dezake; hozkailu-biltegi batetara eramaten ditu, eta pixkanaka ekartzen dizkigu prozesatzeko, duen beharraren arabera".

"Tomatea aprobetxatzeko produktore  gazte batek eskatu digu gazpatxoa egiteko"

Guztira, 40 produktu eta 30etik gora ekoizle inguru bildu dira Lur Araba proiektuari esker. Denetariko elikagaiak aurkitu daitezke Ekotarrikoko sukaldearen inguruetan: lekak, borraja, barraskiloak, marmeladak, kalabazin-krema edo pisto-ontziak daude jaki tradizionalen artean. Beste batzuk berriagoak dira, Delika2 enpresaren shiitake ziza bezala. "Sorta bat egin dugu Delika2-ko Txemarekin: shiitakea tipularekin, shiitakea berezko eran, shiitake-krema, eta orain shiitake patea egin nahi du". Algak pate bezala prozesatzeko eskaera ere jaso dute, momentuz arrakasta handia izan ez duen arren; eta baita paloma eskabetxean edo ketchup-a ere. "Aste honetan, tomatea aprobetxatzeko, produktore gazte batek eskatu digu gazpatxoa egiteko. Gauza desberdinak dira eta saiatzen ari gara horiek ere aurrera ateratzen".

Ekoizle bakoitzak erabakitzen du errezeta zehatz bat kozinatzea nahi duen edo Zuriñe Vigalondoren esku uzten duen jakiaren prestaketa. Gainera, era guztietako ideia berritzaileak onartzen dituzte Ekotarriko kontserba-etxean, eta askotariko probak ere egin dituzte produktuekin. "Ni saiatzen naiz dena nahiko neutroa egiten, kalabazin- krema tipula goxatuarekin, patata pixka bat eta olio onarekin, dena ekologikoa, eta listo. Ez diot ukitu berezirik ematen, pertsona bakoitzari aukera emateko gustuko duen ongailua jartzeko, piperbeltza edo dena delakoa".

Euskal Herri osotik

Marka desberdinak dituzte mahaiaren gainean eta apaletan, Lur Araba proiektuari esker ekoizleei etiketaren diseinua dohainik egin baitiete. Hortxe daude Arabako produktore txiki ezagunak: Padura baratza, Gopegikoak; Larrazubiko Larrateko; Pobesko ortuzainak... "Etortzen diren Arabako ekoizle gehienak ekologikoak dira; eta badira ere Euskal Herritik kanpo etorri direnak, ahoz ahokoak oso ondo funtzionatzen duelako".

"Badut errezeta bat, babarrunak barazkiekin, eta formato txikira eraman nahi dut"

Koronabirusarekin ez dute arazo berezirik izan Ekotarrikon, jaki guztiak autoklabean sartzen dituztenez, osasunaren aldetik berme guztiak dituztelako. "Are gehiago, koronabirusaren garai hauetan gureak dira seguruen diren produktuak; ondo eginak egonez gero, kutsaduratik babesturik daudelako kontserbak", nabarmendu du Vigalondok. Dena den, jakin badakite ekoizleentzat garai gogorrak datozela hurrengo hilabeteetan, batik bat arlo ekonomikoan, eta lana ere jaitsiko dela kontserba-enpresan. Beraz, denbora hartuko dute bestelako produktuak ontziratzeko probak egiteko. Lekale ekologikoak landu nahi dituzte, besteak beste. "Badut errezeta bat, babarrunak barazkiekin, eta formato txikira eraman nahi dut, errazioaren formatora; garbantzuekin ere froga egin nahi dut".

Elikagaientzat transformazio guneak

Pozik daude Ekotarrikoko jabeak Lur Araba proiektuak izan duen garapenarekin. Administrazioaren babes ekonomikoa iaz amaitu bazen ere, hainbat produktore erakartzea lortu dute, eta orain filosofia berarekin jarraitzen dute lanean. "Sarritan hitz egiten dute politikariek alferrik galtzen diren jakien inguruan eta elikagaien aprobetxamenduaz. Bada, irtenbide bat produktua eraldatzea eta ontziratzea da, kontserbak ez baitu hoztea behar. Hori litzateke oinarrizkoena".

Ildo horretan, elikagaien soberakinak transformatzeko guneak herrialde guztietan sustatu beharko liratekeela uste du Vigalondok, betiere errespetatuz egun lanean ari diren produktoreak. Izan ere, mesfidantza handia du Lautadan bezala diru publikoarekin martxan jarri nahi den transformazio gunearekin. "Bidegabeko lehia da. Diru publikoarekin lehia egingo badidate, ez zait ondo iruditzen. Logikoena litzateke martxan dauden proiektuak laguntzea, edo ekoizleari bere produktua eraldatzeko diru-laguntza ematea. Ekimen horiek oso ondo iruditzen zaizkit, baina kontuan har gaitzatela gu ere". Izan ere, ekintzaileek eta nekazariek administrazioen aldetik babes gehiago behar dutela uste du Vigalondok. "Eusko Jaurlaritzan laguntza eskatzera joaten zarenean, lehenik eta behin galdetzen dizute zer etekin ekonomiko izango duen. Aizu, horrelako proiektu batek ez du etekinik izan behar! Aldiz, gorbata duen gizon bat joaten da helizeak egiteko dirua eskatzera eta dena ematen diote, eta gero inbertsio horiek ezerezean geratzen dira".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago