Cira Crespo

"Izenez harago, beste begirada bat bilatu dugu historian"

Anakoz Amenabar 2021ko abu. 18a, 10:00

Cira Crespo, ETBko Artefaktua saioan. /ETB

Testu labur eta ilustrazioekin, Euskal Herriko hainbat emakumeren istorioak bildu dituzte Cira Crespo historialariak eta Elena Ziordia ilustratzaileak; Alea FM saioan aurkeztu du 'Baginen' liburua Crespok.

Historiaurretik abiatu eta gure garaira arte, berrogeita hamar emakume eta kolektibo baino gehiago aurkeztu dituzte Baginen. Euskal Herriko historia emakumeen bitartez liburuan Cira Crespok eta Elena Ziordiak. Baronesak, medikuak, kontrabandistak, artistak, bertsolariak, hiltzaileak, eraikuntzako langileak, ezagunak eta ezezagunak aurki daitezke tartean. Emakume horien bizitzak ezagutarazteaz harago, ordea, historia kolektibo bat eraikitzeko oinarriak jarri nahi dituzte lanarekin.

Nola hasi zineten prestatzen 'Baginen' liburu hau?

Bitxia izan zen. Nolabait ALEA aldizkarian hasi zen liburuaren ibilbidea. Iritzi zutabe batzuk idazten hasi nintzen duela bi urte, eta bitartean Garazi Arrula Txalapartako editorea idazle baten bila zebilen. Mahai gainean zeukan liburu honen proiektua, eta idaztea eskaini zidan; Elena Ziordia ilustratzaileak eraman zion proposamena editoreari aurretik, eta gero ni batu nintzen.

Zein irizpide jarraitu duzue liburuan protagonista diren emakume horiek aukeratzerako?

Ziurrenik emakume asko geratu dira liburutik kanpo, zaila delako oreka mantentzea. Saiatu gara Euskal Herri osoko emakumeak sartzen, eta askotarikoak: ezezagunak, taldeak, txiroak, hiltzaileak... denetarik daukagu. Batzuk aipatzearren: Katalina Belunza, Maria Antonia Eskibel, Emiliana Zubeldia, Kontxu Odriozola... eta erraketistak, ilustratzaileak, zigarrogileak...

Aurretik ezagutzen zenituen?

Batzuk bai, ezagunak dira. Dolores Ibarruri La pasionaria, esate baterako. Baina ezagunak izan arren, beste alde batetik ezagutzen saiatu gara; Ibarruriren kasuan, bere haurtzarora jo dugu, bizi zuen giroa ezagutzeko edo euskararekin zuen harremana ezagutzeko, adibidez. Horren ezagunak ez diren alderdiak jorratu ditugu. Asmoa ez zen biografia arrunt bat egitea; horretarako beste aukera asko ditugu.

Liburua idatzita, zein nabarmenduko zenuke?

Guztiak, egia esan. Baina Gasteizko protagonista batzuk interesgarriak dira; Teresa Furundarena, esaterako. Alde Zaharrean taberna bat zeukan, XVIII. mendean, eta emakume talde bat elkartzen zen harekin, mistela edaten zuten eta berriketan egiten zuten... istorio polita da. Eta, bitxikeria moduan, mistela egiteko errezeta txiki bat ere jarri dugu.

Dokumentazio lana nolakoa izan da? Zaila izan da?

Oso emakume desberdinak direnez, mota askotako dokumentazioa erabili dugu: egunkari zaharrak, artxiboak... Halere, gaur egun informazio ugari daukagu eskura, eta ez da horren zaila; garrantzitsuena galdera onak planteatzea da. Hori da gakoa, nire ustez. Ilustrazioetan agertzen diren elementu guztiak, halaber, arrazoi historiko batengatik daude jarrita. Lanaren zati handi bat informazio guztia bi orritan laburbiltzea izan da, baina asko gozatu dut ere laburtzeko prozesuarekin, gustatzen zait mamia aurkitzeko lan hori.   

Cira Crespo historialaria. / Txalaparta

 

Formari ere garrantzia berezia eman diozue?

Testu laburrak egiteak aukera eman dit mimoz tratatzeko atal bakoitza. Ukitu literario batekin idaztea, lehen pertsonan baten bat, beste bat elkarrizketa moduan... Asko gustatu zait, esate baterako, Bilboko zigarrogileena egitea; zuzenean, egunkari batetik jasotako pasarteak ditu, eta oso bizia da, oso gertukoa. 

Eskola garaian, agertzen ziren emakumeak historia liburuetan?

Ez ziren agertzen eta ez dira agertzen. Baina, izenak baino gehiago, ikuspegia da aldatu behar duguna, beste begirada bat jarri behar dugu. Historian emakumeen hiru edo lau izen gehiago jartzeak zer zentzu dauka? Beste historia bat ikertu behar dugu; emakumeek egiten zituzten lanak ezagutu, haiek egoten ziren lekuak ikertu,.. Beste historia bat egitea izan behar da helburua. Eta liburu honekin horretan saiatu gara; izenez harago, beste begirada bat bilatu dugu.

50 bat protagonista daude, gero sakontzeko aukera ematen dutenak, ezta? 

Liburu bakar batekin ezin dugu beste askorik egin, eta gure asmoa izan da hari-mutur batzuk eskaintzea jendeari, eta modu honetan irudimenari ere eragitea. Liburu amaieran erabilitako iturri batzuk aipatzen dira, eta nirekin harremanetan jartzeko aukera ere badu irakurleak, protagonista hauetako batean gehiago sakondu nahi duten lagunentzat edo ekarpenik egin nahi dutenentzat.

Nori gomendatuko zenioke liburu hau? 

Gizonei, bereziki. Kuriosoa izan da hainbat gizonek esan didatela "emazteari" edo "alabari" oparitu diotela liburua eta... Tira, esan nahi dut gizonentzat ere balio dezakeela liburu honek kar-kar.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago