Txubio Fdz. de Jauregi

"Atzera ematen dit 'umorea egin' behar dutela diotenean"

Anakoz Amenabar 2020ko ira. 24a, 10:00

Txubio Fernandez de Jauregi, Monstrenka aretoan. / Erlantz Anda

Monstrenka aretoa geldi da egun hauetan, ikuskizunik gabe. Aktoreen entseguak baino ez, tarteka. Hantxe elkartu da ALEArekin Txubio Fernandez de Jauregi, osasun krisiak antzerkian eragin duen eten handienari buelta emateko gogoz, baina hurrengo hilabeteetan gertatu daitekeenarekin kezkatuta. Umore onez, beti.

Hordago, Trapu Zaharra, Latirili, Legaleon T, L'Alacran... Hiru hamarkada baino gehiagoko antzerki ibilbidea soinean, sektoreak egun "momentu zailenetako bat" bizi duela aitortu du Txubio Fernandez de Jauregik (Gasteiz, 1960). Kale antzerki onenaren Max saria jaso berri du Zanguango taldearekin prestatutako Al otro lado lanarekin, baina lanak aurkezteko zailtasunak dira orain kezka nagusia. "Beldurra ematen dit pentsatzeak zenbat iraun dezakeen egoera honek".

Nolako aldartearekin bizi duzue krisi hau Monstrenkan elkartzen zareten aktoreek? 

Ongi gaude, bai. Gaur egun egin daitezkeen aurreikuspenekin, ongi esan behar; alegia gaur eta bihar arteko planekin (barrez). Bagoaz hilabetea halamoduz betetzen lan batzuekin, eta bapatean saio bat bertan behera uzten du antolatzaileak euria iragarri dutelako... noski, gizona, Gasteizen gaude eta! Hori al da arrazoia? Tira, momentu zaila bizi dugu, eta kezkagarria da datorrena. Hurrengo urteari begira inork ez daki ezer, eta aurrekontuak murriztuko dituztela pentsatzen dut; ea zer gertatzen den...

Asko kexatzen dira aktoreak? 

Kexatzen dira, baina beste batzuk baino gutxiago. Aurreko krisian ez zegoen dirurik, baina baliabideak bila zitezkeen. Orain ezin dugu jendea Monstrenkan sartu txikiegia delako, eta kalean zerbait egin behar baduzu, bota egingo zaituzte. Zaila da, baina formularen bat aurkitu behar da. Egon behar da moduren bat. Zaharraz Harro auzoko jaietan egin genuen saiakera bat, aulkiekin atera ginen Alde Zaharretik... Uste dut kexatzeaz gain, eta hori ere ongi dago, gertatzen dena zalantzan jarriko luketen gauzak egin beharko genituzkeela. Beharbada aulkiak kontsumitzen ari diren terrazen ondora eraman behar ditugu ikuskizuna egiteko...

"Umorea munduan egoteko modu bat da, aurre egiteko modu bat"

Alerta Gorria mugimenduak mobilizazioa egin du sektorea ikusarazteko. 

Eta behar dira halakoak agian. Baina, egia da, mobilizazio "masibo" eta "mundialek" erantzun eskasa dutela, aurpegira barre egiten dizute. Manifestazioa egin duzu, oso ondo, eta beste gauza batera. Beharbada hurbilagoko ekinaldiak behar ditugu. Egoera larria da denontzat; eta aktoreok, tira, zerbait egin dezakegu, baina musikari asko martxotik dago jo gabe. Ez al da rock & rollaren amaiera izango? (barrez) Imaginatzen ditut titularrak: "Birus batek hil zuen musika izan zen. Jarrera ere isildu zuen birusak"... Eta dantza? Ibiltzea bezain naturala den gauza bat da dantzatzea!   

Kaleko antzerki onenaren Max saria irabazi berri. Ez al da hori saio gehiago egiteko bermea?

Sektoreko kideen aitortza da, eta hori pozgarria da, baina batek daki egoera honetan halako sari bat bultzada izango ote den. Halere, sariak esan nahi du guk buruan genuen proposamena, eta asko disfrutatu duguna, beste batzuentzat ere gozagarri izan dela, eta hala bada oso pozik gaude. Antzerki sorta bateko bigarren ikuskizuna izan da Al otro lado, eta buruan dugun hirugarren bat egiteko pizgarria ere bada.

Alde Zaharreko La Monstrenka aretoan. / Erlantz Anda 

 

Alfonbra gorri batekin hasi zineten kalean...

Oinezkoentzako kale batean jarri genuen alfonbra, eta ikusleak aulkietan eserita. Pertsonaia desberdinak sartzen ziren, narratzaile batek lagunduta; une hartako dokumentua osatzea zen asmoa, hara eta hona dabilen jende jarioaren inguruan. Bigarren ikuskizunean, plano panoramikoa beharrean plano itxi bat aurkeztu genuen, marko bat. Ikuslearen begirada du ardatz ikuskizunak; zeri jartzen diogun arreta, zure inguruan gertatzen diren milaka istorioei adi. Eta kaleak aukera hori ematen digu, sakontasun handiagoa edo gertuagoko begiradarekin jokatzeko.

Inprobisazioari lekua uzten diozue?

Ikusleak pentsatuko du dena inprobisatuta dagoela, baina bada narrazio bat. Zoritxarrez hirietan aurki ditzakegun kaleak berdinak dira, denek elementu antzekoak dituzte, horregatik funtzionatu dezaketen narrazioak lantzen ditugu. Eta, ostean, goazen lekuaren araberako ikerketa txiki bat egiten dugu. Badakigu nola hasi eta bukatuko dugun, baina gainerakoan edozer gerta daiteke. Edozein lagun gerturatu daiteke eta beste norabide bat har dezake; hori da egin dezakegun gogoeta txikia, gertatzen denari irekita egon behar dugula, bizitzak edozein momentutan harrapa zaitzake eta dena aldatu.

Oraingo segurtasun neurriekin, aldiz, bateragarria al da kale antzerkia?

Zentzua galtzen du, egia esan. Atzera eta aurrera bidean geratzen den jendea ezin geratu, ezin mugitu, gustatzen ez zaizun ikuskizunetik alde egiteko traba... Ikuslearentzat ere deserosoa da. Protokolo bat jarri behar da, ados, baina beharbada izan gaitezke malguagoak. Maskara jantzita agian mugitu gaitezke eta ez da horren zurruna izan behar... Alegia, kultur teknikariei irudimena astintzeko eskatuko nieke, eta proposamen berriak mahai gainean jartzeko. Ez gara inozoak, eta askotan haurrak bezala tratatzen gaituzte. Horrela hasi gara, baina eremuak itxi eta sarrera bat kobratzen amaitu daiteke hau, zoritxarrez...

Kalea izan duzue beti protagonista.

Oso kalezalea naiz, eta baita taldekoak ere. Kalea egoteko eta konpartitzeko espazio gisa gustatzen zaigu; Gasteizko merkaritza-gune erabat debaluatu horretatik atera nahi dugu. Kale horiek erosi, jan edo edateko bakarrik erabiltzen dira, eta beste kontu gutxi batzuetarako. Badaude haurrek ere ulertzen ez dituzten jolastoki batzuk bihurritutako burdin batzuekin, baina tira... Ez da ezer konpartitzeko erabiltzen, ezta janari bat egiteko ere, oso gutxitan, eta hori egiteko zazpi baimen eskatu behar dituzu aurretik. Beste alde batetik, ikuskizun ikusgarriekin ere aspertzen hasiak gara... kale antzerkia beti estu lotuta trapezioekin, zirkuekin, gauza ikusgarriekin. Eta gu ez gaude jauziak egiteko moduan, egia esan. Kalea aprobetxatuta, modu lasaian hitz egiten duten pertsonaiak nahi genituen, inguruan dugunari buruz gogoeta egitera bultzatzen gaituztenak. Begirada apur bat mugitzea, ondoan dagoenari begiratzea...

"Kultur teknikariei buruak astindu eta proposamenak aurkezteko eskatuko nieke"

Eta kaletik Principal antzokira. Gasteizko Antzerki Jaialdian ere izango zara aurten, urriaren 9an 'AquÌ va a pasar algo' lanarekin. Zanguangorekin batera obra hau ere.

Duela urte batzuetako ikuskizuna da. Hain zuzen, joan den krisi ekononikoan bizirauteko eman zigun ikuskizuna. Memoria galdu duten bi pertsonaia taula gainetik, beti ere umoreari tiraka...

Edozerekin egin daiteke umorea?

Ez dut uste. Umorea egitea baino, halere, umorea munduan egoteko modu bat dela uste dut, aurre egiteko modu bat. Atzera ematen dit "umorea egin" behar dutela diotenean. Bizitzan umorea baduzu, atera egingo zaizu; umorea egitea pentsatzea apur bat xelebrea dela uste dut. Eta orain oso modan dago, egia da, pertsona jatorra eta dibertigarria oso ondo ikusia dagoelako. Zenbat clown ikastaro dago gaur egun? Jainko maitea, zenbat jendek barre eginarazi nahi duen! Umore txarrez jartzen nau (barrez). Begirada hori izatea uste dut dela gakoa, eta heriotza bera ere umorez ikus dezakezu. Umorea bizitzaren osagaia da. Nagikeria ematen dit "umore jaialdia" jartzen dutenean. Izan ere, bizitzan dena nahastuta dago ezta? Egia da, halere, ni neu gauza serioagoetan agertu naizenean jende askok ez duela serioegi hartu... ni saiatzen naiz (barrez) baina beharbada enkasilatu naute, bai.

'El hoyo' pelikulan ere ikusi zaitugu. Beste proiekturik bidean?

Bai, arrakasta handia izan duen pelikula bat gainera. Nik pertsonaia txiki bat baino ez daukat, baina pozik egiten ditut halakoak. Javier Fresserren azkeneko pelikulan ere halako pertsonaia bat dut, eta ilusioa egin dit, benetan miresten dudan zuzendaria delako. Hasierako film labur zoragarri batzuk ditu, Luis Ciges aktorearen laguntzarekin... Batek daki, baina ziurrenik hurrengo urtean ikusiko dugu.

Alde Zaharreko La Monstrenka aretoan. / Erlantz Anda 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago