Enpresa ugari aurrera egiteko estu dabiltzan garaiotan, bada krisi ekonomikoan negozioa indartu duen enpresarik ere. Miñaoko parke teknologikoan txokoa duen Globe Testing da horietako bat, software probak egiten dituen enpresa. Estatuko zein nazioarteko hamaika enpresarentzat lan espezializatua egiten dute, hamaika proiektu berrirekin hazten jarraitzen dute, eta emaitzek hala erakusten dute: pandemia garaian hamahiru lagun kontratatu dituzte. 2011n lehen pausoak eman zituen enpresa honetako buruetako bat da Eneritz Zubizarreta (Eskoriatza, 1986), beste bi bazkiderekin batera, lantalde handi baten gidari. Madril, Bartzelona, Coruña eta Berlinen ere badituzte bulegoak.
Enpresa gehienentzat momentu zaila da, baina, aldiz, zuentzat negozio aukera izan da urte hau.
Egia esan, bai. Bikain doa. Hazkunde handia izaten ari gara. Azken egunetan zazpi pertsona berri hasi dira lanean. Beste arlo batzuentzat deskalabrua izan den bitartean, online zerbitzuek gora egin dute nabarmen, eta horrek bultzada eman digu. Horrek ez du esan nahi gure laneko hainbat ataletan murrizketarik izan ez denik; bidaia agentziekin ere lan egiten dugu, eta horientzat desastrea izan da. Baina, zorionez, estrategia kontserbadore bat jarraitu dugu, eta badaezpadako diru-kutxa bat izan dugu; bederatzi urtetan ez dugu irabazirik banatu, beti utzi dugu badaezpadako sail bat, inoiz ez baitakizu nola joango den. Bezero batzuekin murrizketak izan ditugu, edo etena egin dute, baina inbertsio moduan eurekin lanean jarraitu dugu, fakturatu gabe. Eta ematen baduzu, gero jaso egiten duzu. Alegia, gure bezeroek ez dute dirurik, baina behar gaituzte, eta baditugu beste batzuk ondo doazenak eta gehiago ematen digutenak. Fakturatu gabe egon gara hainbat bezerorekin, baina horiek dirua dute orain, eta eskerrak ematen dizkigute, eta aldi berean proiektu gehiago eskaini. Ondo atera zaigu estrategia hori. Horretarako, noski, koltxoi bat izan behar duzu. Ohikoa izaten da enpresa batean gauzak ondo doazenean irabaziak banatzea, puztu eta banatzen hastea... Gure soldata dugu, oso soldata ona, baina ez dugu kapritxorik, ez dugu Ferraria aparkatuta atean. Hemen gorabehera handiak izaten dira, eta komeni da hori kontuan izatea.
Zein da zehazki zuen eginbeharra? Zertarako balio du software 'testing-ak'?
Guk softwareei kalitate zigilua jartzen diegu, nolabait esatearren. Egunero erabiltzen ditugu web-orri eta aplikazioak transferentzia bat egiteko, bidai bat erosteko... eta askotan gertatu zaigu datu ugari bete eta bapatean orri horrek akatsa ematea. Tira, kasu batzuetan enpresa horrek dirua galdu dezake edo duen izen onari ere min eman diezaioke; Amazonen orrian bazaude eta akatsa ematen badu, beste batera zoaz eta akabo. Baina badaude inpaktu handiagoko akatsak ere, kotxeen edo hegazkinen softwarean izaten direnean, esate baterako; hor pertsona baten haserrealdiaz harago zoaz, pertsona beraren bizitza dago jokoan. Software hori erabiltzaileak erabili aurretik, guk proba guztiak egiten ditugu Globen, arazorik egongo ez dela ziurtatzen duen kalitate zigilua jarriz.
Erabateko ziurtasuna posible da?
%100ean ez. Zati bat eskuz egin dezakegu; alegia, probak eskuz egin ditzakegu adibidez Kutxabanken aplikazio batek mugikor modelo batean edo bestean ondo funtzionatzeko. Baina beste kasu batzuetan konbinatoria infinitua da, ezin da eskuz egin, eta hor gakoa da testing-a. Guk proba horiek automatizatu egiten ditugu, programazioa egiten dugu, eta robot moduko batzuen bitartez proba horiek azkarrago egiten ditugu. Beti egoten da eskuz egiten den atal bat ere, robotak egiten ez duena, "testerraren bihurrikeria" esaten dioguna; alegia, programa ongi egon daiteke, baina etxetik jendeak gauza arraroak egin ditzake, eta hori ere aurreikusi behar da. Konbinazio "zoroak" egiten ditugu, eta hor askotan agertzen dira akatsak. Horiek guztiak eginda ere, beti egongo da akatsen bat, erabateko ziurtasuna ezin baita lortu. Baina gure lehentasuna egoera kritikoak dira, eta sektore bakoitzak bere lehentasuna dauka.
"Oso zaila da teknologian parekidetasuna lortzea; desoreka oso handia da"
Askotariko enpresak dituzue bezeroen artean, ezta? Horren arabera lehentasunak?
Bai, oso desberdinak dira. Estatuko arropa enpresa nagusienarentzat lan egiten dugu, besteak beste, eta horren lehentasuna bezeroak erosi ahal izatea da, beste akats txikiagoak ez dira hain garrantzitsuak; aldiz, medikuntza arloan ere bagabiltza, kimioterapia makinekin, eta hor segurtasuna da lehentasuna. Laster Black friday eguna dator, eskaintza berezien eguna, eta hor bestelakoa izango da gure lana; mundu guztia batera sartuko da webguneetara, eta trafiko horri aurre egin behar diogu bertan behera geratu ez daitezen; horretarako, guk hilabete batzuk lehenago eraso bat simulatzen dugu, gure robotak jartzen ditugu martxan eraso hori egiten, eta horrekin neurtzen ditugu webgune horren erantzun denborak edota blokeoak, gero enpresek beharrezko neurriak hartzeko. Behin baino gehiagotan ikusi dugu bidaia agentzia batek eskaintza berezia egin eta minutu gutxian orria bertan behera geratzea. Guk, hori ez gertatzeko, aurretik prestatzen ditugu.
Langile espezializatuak behar dituzue horretarako. Nola prestatzen dituzue?
Unibertsitate eta moduluetan ez dute testing-a ematen, eta guk formazio saio bereziak egiten ditugu promozio desberdinetan. Sei hilabeteko formakuntza eskaintzen dugu bost bat lagunentzat. Urteekin profesionalizatzen joan gara atal hori, formakuntzarekin batera enpresa filosofia ere barneratzeko asmoarekin.
"Onartu behar duzu ez zarela enpresako onena... horrek lasaitasun handia ematen du"
Zeintzuk dira Globeren lan ereduaren ardatzak?
Gure filosofiaren ardatz nagusietako bat da lantaldea zaintzea, familia izatea, lanean beti giro ona edukitzea. Hori ezinbestekoa da aurrera egin ahal izateko. Kontuan izan guri min handia ematen digula langileen txandakatzeak; azken batean, guk inbertsio bat egin dugu sei hilabetez, eta jendeak alde egiten badu, inpaktu handia da guretzat. Horretarako jendea pozik egotea nahi dugu: soldata-egitura garden bat dugu erantzukizun eta lanekin ondo zehaztuta, hiru hilabetero enpresako datu guztien berri ematen dugu, malgutasuna eskaintzen dugu lanean, aseguruak, baimenak, formakuntza pila bat... eta hori jendeak eskertu egiten du. Atxikitze teknika ugari ditugu jendea pozik egoteko eta enpresari minik ez egiteko. Horretan inbertsioa egitea garrantzitsua da, jendea galtzea askoz ere garestiagoa delako. Sei urte daramagu hemen, eta hasieran sartu zen jendeak hemen jarraitzen du.
Talde lana da nagusi?
Erabat. Hemen denok egiten dugu lan batera; denok gara erantzule gauzak ondo ateratzen direnean eta gaizki ateratzen direnean. Cristiano Ronaldo modukoek ez dute lekurik Globen; hori hasieratik dugu argi.
Giro horri eustea posible da talde handi batean?
Saiatuko gara. Garrantzitsua da. Noski, guk bazkideok ezin dugu 60 lagunen atzetik egon eta Globeren filosofia hori zaindu. Baina horretarako lan handia egin dugu orain lantaldeetako arduradunak direnekin; nolabait esatearren, belaunaldiz belaunaldiko geruza desberdinak ditugu. Ni orain hiru hilabete joaten banaiz enpresatik, sakelakoa hartu gabe egon naiteke eta Globek berdin berdin funtzionatuko du. Jendeari konfiantza ematea garrantzitsua da; uste dut hori dela egin dudan lanik onena. Eta, noski, zu baino hobea den jendea izan behar duzu inguruan; gakoa da hazteko, nire ustez. Askotan ikusten dut enpresa biltzarretan euren burua "ezinbestekotzat" duten nagusiak, euren lanetik alde egin eta bertan behera geratzen diren lantegiak. Hori akats bat da. Horrek dena geldiarazi egiten du; erabaki guztiak ezin dira pertsona baten ardura izan. Startup asko horrek geldiarazten ditu; azken gainbegiratua ezin du beti enpresaren jabeak hartu. Globen talde bakoitzeko arduradunak hartzen ditu erabakiak, inolako arazorik gabe. Onartu behar duzu ez zarela enpresako onena, zu baino langile hobeak daudela... horrek guztiak sekulako lasaitasuna ematen du. Egunez eguneko lana kontrolatuta dago, eta nire kasuan epe luzera begirako beste egitasmo batzuk prestatzeko denbora daukat, plan estrategikoagoak.
Zaila izan zen enpresa martxan jartzea?
Erreza ez behintzat. Informatikariak gara hiru bazkideak, eta enpresa sortzen duzunean denetarik egin behar duzu: administrari lanak, komertzial lanak, proiektuak zuzendu… Abantaila bat izan zen guretzat, ordea, testing-aren inguruko esperientzia genuela, eta saldu behar genuen hori ondo ezagutzen genuela. Orain ez hainbeste, baina lehen oso zaila zen enpresa handiak startup bati ateak irekitzea, enpresa ezagunek bakarrik zuten lekua. Eta orain aldatzen ari da. Orain enpresa espezializatuetara jotzen da gehiago eta ez hainbeste orokorretara.
Zer aholku emango zenioke ekintzaile bati?
Oinak lurrean. Hori oso garrantzitsua da. Eta pazientzia. Nik egun asko izan ditut bulegotik irten eta dena pikutara bidaltzeko gogoarekin... baina beti dago argi izpi txikiren bat. Eta, batez ere, taldea: asko inbertitu inguratzen zaituen jende horretan, zuk bakarrik ez duzulako lortuko startupak arrakasta izatea. Dauden langileek ez badute sentitzen proiektuaren parte direla, ez dute dena emango, eta hori ezinbestekoa da hasi berri den enpresa batentzat. Ondo egotea, pozik egotea eta zure moduan dena ematea. Nire kasuan gakoa izan da hori; eman dezake sentimenduzko hitzak direla soilik, baina nire kasuan hala izan da.
Teknologia eta zientzien arloan emakumeak bazter batera izan dira. Berdintasuna zaintzen duzue lanean?
Berdintasun plan bat dugu, eta hori gidatzen duen batzorde bat ere bai, edozein motatako diskriminaziorik egon ez dadin generoa, arraza edo bestelakoagatik. Ardura karguetan berdintasuna dugu, baina ez dugu ekitaterik. Oso zaila da informatikan ekitatea lortzea; desoreka handia dago. Guk eskaintzen ditugun formazio saioetararako, hogei gizoneko, emakume bat dago elkarrizketatu ahal izateko. Deustuko unibertsitatean badago egitasmo bat alor honetara dedikatzen diren neskekin, eta lan handia egiten duena; eskoletara joaten gara hainbat aholkulari neskek eta mutilek ikus dezaten genero eta profesioaren arteko diferentziarik ez dagoela. Uste dut gakoa dela hori. Informatika ikasi nuenean hamar bat neska izango ginen ehun artean... Eskoletan hori ikusarazi behar dugu, eta ea gauzak aldatzen doazen.