Alexis Michalik, Juan Mayorga eta Artedrama, Gasteizko Antzerki Jaialdiko protagonisten artean

Erredakzioa 2021ko uzt. 27a, 16:32
Urriaren 13an aurkeztuko dute ‘Shock II, la guerra y la tormenta’. / CDN

Principalek helduentzako euskarazko bi hitzordu baino ez ditu izango: 'Atzerrian lurra garratz' eta 'Altsasu'.

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak inaugurazio bikoitza izango du aurten. Alde batetik, irailaren 30etik urriaren 9ra bitartean, Sleepwalk Collective, Parasite Kolektiboa, Larrua Proiektua eta Tripak taldeek ekoizpen berezi bat aurkeztuko dute Montehermoso kulturuneko ur-biltegian, Plató izenpean.

Eta urriaren 10ean izango da Principal Antzokiko programazioaren inaugurazioa. Alexis Michalik, Frantziako eszenaren zuzendari errebelazioak, Una historia de amor lanaren erabateko estreinaldia aurkeztuko du; horixe izango da, gainera, egilearen lehen lana estatuan. Besteak beste, Aura Garrido, Felix Gomez, Loreto Mauleon eta Almudena Cid izango ditu taula gainean.

Helduentzako antzerkia abonamenduak beste zortzi proposamen ere hartzen ditu, lehen horrez gain. Urriaren 13an, Shock II, la guerra y la tormenta estreinatuko dute Euskal Herrian, Centro Dramatico Nacionalen eta Check Inn produkzioen arteko koprodukzioa; besteak beste, Alba Flores eta Guillermo Toledo aktoreekin. Eta urriaren 16an, Renacimiento, La Tristura konpainiaren azken lana. Ostean, urriaren 22an, Antígona lana eskainiko dute, David Gaitan zuzendari mexikarraren eskutik, eta Belen Cuesta arituko den El hombre almohada, urriaren 29an, Martin McDonaghen eskutik.

Azaroan ikusgai izango dira Los que hablan, Luis Bermejo eta Malena Alteriorekin –hilaren 6an–, Las canciones, Pablo Messiezek zuzendua –hilaren 13an–, El grito, Ana Fernandezekin –hilaren 18an–, eta Malvivir, Yayo Caceresen azken lana, Aitana Sanchez Gijonekin –26an–.

Euskarazko Antzerkia abonamenduak, berriz, bi hitzordu baino ez ditu biltzen: urriaren 27an Atzerrian lurra garratz, Huts teatroa eta Artedramaren eskutik, eta azaroaren 11n Altsasu, Maria Goirizelaia zuzendari bizkaitarrarena.

Dantza abonamenduak nazioarteko bi proposamenekin gozatzeko aukera emango du. Les nuits barbares, Herve Kouvi koreografo franko-afrikarrarena, azaroaren 4an, eta Acosta Danza, Kuban egun dagoen dantza-konpainia garrantzitsuenetako bat, azaroaren 23an.

Familiarentzako antzerkia abonamenduak hiru ikuskizun hartuko ditu. Urriaren 24an Zuhaitzak landatzen zituen gizona, Gorakada taldearen azken lana; azaroaren 7an Distans, Voll e Temps konpainiarena; eta azaroaren 14an Bye Bye Confetti, Teatre La Baldufa konpainiarena.

Antzerkia gizarte etxeetan

Jesus Ibañez de Matauco antzokia izango da, beste behin ere, Jim Aktual jaialdiaren egoitza. Aurten, urriaren 28an, Makers antzezlana izango da, Oscar Gomez Mata arabar artistarena, L´Alakran bere konpainiarekin batera; eta azaroaren 25ean, Best of Be Festival, hiru pieza hauekin: 40.000 centimetri quadrati, Levitaciones eta The end.

Ikuskizuna Ibaiondon delako ekimenak bi proposamen berritzaile eskainiko ditu, Gasteizko bi konpainiaren eskutik Prusik, La Intrusa danza konpainiaren azken lana, urriaren 15ean, eta Swimming Pools, Sleepwalk Collective taldearen sormen berria, azaroaren 19an.

Antzerkia Zabaltzen

Antzerki Jaialdiak taula gaineko arteei buruzko beste ekimen batzuk ere proposatzen ditu, esaterako Off Lokal;  aurtengoan sei proiektu eskainiko dituen tokiko sorkuntza eszenikoa sustatzeko programa. Ibaiondo gizarte etxean euskarazko hiru funtzio eskainiko ditu urriaren 21etik 24ra bitartean, Piszifaktoria Laborategia, La Claqueta eta Arrapala konpainien eskutik. Azaroaren 11tik 14ra bitartean, El Mono Habitado, Monstrenko Kolektiboa eta Ekoma Teatro konpainiek euren lanak erakutsiko dituzte Salburuko gizarte-etxean.

Gainera, Haziaraba in the Mapping jaialdiak bost ikuskizun eskainiko ditu Federico Garcia Lorca eta Felix Petite antzokietan. Azaroaren 20an Leihoak, Teatro Paraisoren eskutik; hilaren 21ean La luna en un cazo, La Petita Malumaluga konpainiarena; 27an Espera un minuto, De stilte taldearena (Herbehereak). Programa azaroaren 28an amaituko da, hitzordu bikoitz baten bidez: Susurros del bosque, Teatr Animacji konpainia (Polonia); eta Früh Stück, Helios Theater (Alemania).

Abonamendu eta sarreren salmenta

Abonamendua irailaren 23tik 26ra bitartean erosi ahalko da, ohiko bideak baliatuz. Irailaren 27an, astelehenean, abonamendu irekiak jarriko dira salgai (aldez aurretik hitzordua eskatuta), eta 28an, asteartean, hasiko da aldez aurreko txartel-salmenta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide