628.000 euro, errepideen segurtasuna hobetzeko

Erredakzioa 2021ko uzt. 27a, 16:16
Txirrindulari bat Krutzetako mendatean. ALEA

Abiadura murrizteko neurriak hartuko dira zenbait herritan, eta txirrindulari asko ibiltzen diren bideetan seinale gehiago jarriko ditu Foru Aldundiak.

Datozen hilabeteetan, Diputazioak 628.000 euro erabiliko ditu Arabako errepideen segurtasuna hobetzeko, eta horretarako seinale gehiago eta abiadura murrizteko neurriak ezarriko ditu hiri zeharbideetan, txirrindulari asko ibiltzen diren bideetan eta istripu ugariko bide tarteetan. Esku hartzeak aurtengo bigarren seihilekoan eta 2022ko lehen hilabeteetan gauzatuko dira.

Egin beharreko konponketak aukeratzeko orduan kontuan hartu dira udalek, administrazio batzarrek eta herritarrek egindako eskaerak, aldundiko teknikarien txostenak eta 2016. eta 2020. urteen artean izandako istripu tasaren azterketaren ondorioak.

Batetik, seinale horizontal eta bertikal gehiago jarriko ditu Diputazioak, eta abiadura murrizteko elementuak ezarriko ditu (abiaduraren radar informatiboa, zeharkako bandak, eta abar) Komunioi, Oreitia, Egileta, Ozeta, Untza eta Bitorianoko herri barruko tarteetan eta zeharbideetan.

Bestalde, bide segurtasuna hobetzeko hainbat jardun egingo dira errepideen foru sareko zenbait tartetan; eta ohartarazpen seinale gehiago jarriko da txirrindulari asko ibiltzen diren bideetan. Hain zuzen, txirrindulariak ibili ohi direla adierazteko berariazko seinaleak jarriko dira A-3632 (Garate gaina, Laudio eta Okondo artean) eta A-3641 errepideetan (Zuhatza eta Okondo artean) eta Kruzetako mendatean.

Halaber, kontratuan aurreikusi da faunaz ohartarazteko seinaleak ipintzea ehiza espezieekin istripu ugari izaten diren bide tarteetan, eta foru sareko tarte jakin batzuetan fauna uxatu eta erakartzen duten produktuak erabiltzea animaliak gurutzagune seguruetara bideratzeko (fauna pasabideak), horrela errepidera sartu ez daitezen. Besteak beste, Gasteiz eta Urbinako bidegurutzearen artean bikoiztutako N-240 errepide tarteko itxitura zinegetikoa osatuko da, ez dadin animaliarik sartu komunikazio bide garrantzitsu horretako galtzadara. Itxitura hori egiteko lanak iaz hasi ziren 2020ko kontratuaren kontura, eta datozen hilabeteetan amaituko dira.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide