2021eko urtarriletik ekainera bitartean, 21.600 arabarrek baino gehiagok erabili dituzte eskualdeko garraioaren lineak, landa herrigune txikietatik eskualdeko herri nagusietara joateko, garraioa, osasuna, hezkuntza edo saltokiak bezalako oinarrizko zerbitzuak erabili ahal izateko. 2019ko aldi bereko datuen aldean, %56ko hazkundea izan du, beraz, eskualdeko garraioak.
Arabako herrietan geralekuak dituzten Alavabuseko lineei dagokienez, ia 400.000 erabiltzaile izan dira aurtengo lehen sei hilabeteetan; 2019ko epe berean erregistratutako eskariaren %72 gehiago. Aldundiaren datuen arabera, goranzko joera argia izan da alarma egoera bukatu eta mugikortasuna ireki zenetik aurrera. Araba erdialdeko, Aiarako, Arabako Errioxako eta Durango-Gasteiz-Miranda emakidetan, ekainaren bukaeran, eskariak %80ko hazkundea izan du 2019ko ekaineko datuekin alderatuta.
Blanca de la Peña Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuaren ustez, foru garraioak bilakaera "nahiko positiboa" izan du, beraz, 2021eko lehen seihilekoan. Hala adierazi du astelehen honetan, datuak plazaratzeko eskainitako prentsaurrekoan. "Zerbitzuen %100 eskaintzen dugu duela urtebete baino gehiagotik hona, eta arabarrak erantzuten ari dira, leku batetik bestera joateko foru lineak erabiliz".
Halaber, De la Peñak azaldu du Alavabus eta eskualdeko garraioarentzat "oso urte zaila" izan zela 2020, koronabirusaren pandemiak eta hura geldiarazteko hartutako neurriek izandako inpaktuaren ondorioz: "Etxeko konfinamendua, itxiera perimetralak, mugitzeko murrizketak, telelana, kultura ekitaldiak eta jaiak bertan behera uztea, eta abar... egoera gogor hura 2021eko lehenengo hilabeteetara arte luzatu zen", gogorarazi du.
Foru diputatuak azaldu duenez, eskariak hobera egin du aurtengo maiatzean eta ekainean, mugikortasuna ireki izanaren ondorioz, eta ekainaren amaierarako batez besteko eskaintza 2019ko ekainekoaren %80koa izan da dagoeneko.
Hobekuntzak eta segurtasuna
Halaber, erabiltzaileen, toki erakundeen eta garraiolarien proposamenetatik abiatuta azken bi urteetan ezarritako zenbait hobekuntza nabarmendu ditu De la Peñak: besteak beste, oinarrizko zerbitzuak dauden eskualdeko herri nagusietara gerturatzea, zerbitzua asteburu osora zabaltzea eta ordaintzeko BAT txartela erabili ahal izatea.
Bestalde, pandemiak bultzatuta, segurtasun neurri ugari ere hartu dira foru garraioan: maskara nahitaez erabili beharra, ibilgailuen garbiketa zein aireztapena indartzea, manparak jartzea autobusetako gidarien eremuan, tiketa BAT txartelaren bidez ordaintzeko aukera eta tiketak aldez aurretik erosteko lineako zentrala.
Hortaz, foru diputatuak adierazi du lanean jarraituko dutela zerbitzua "berritu eta hobetzeko", garraioko lurralde txartelen elkarreragingarritasunean aurrera eginez (BAT, BARIK eta MUGI), eta nortasun juridikoa emateko Arabako Mugikortasun Agintaritzari (AMA), partzuergo figuraren bitartez. "Gure helburua da Arabako Mugikortasun Agintaritza sendotzea, Araban garraio publikoa hobetzeko eta tarifak bateratzean aurrera egiteko funtsezko tresna gisa. Urratsak egiten jarraituko dugu, eta banago 2022an partzuergoaren eraketari data jarriko diogula".