Abuztuan, musika klasikoaren Arabako zaleentzako sei hitzordu

Erredakzioa 2021ko uzt. 26a, 12:40
Kairos Project Ensemblek eskainiko du lehen kontzertua, Eltziegon. / KPE

Abuztuaren 8tik 27ra, Kairos Project Ensemble, Zabaleta Colome Puig hirukotea, Cassado bikotea, Liana Gourdija & Josu Okiñena, Silvia Marques & Gorka Hermosilla eta Soinuaren Bidaia arituko dira Araban, Musika Klasikoko Zikloaren barruan.

Donostiako Musika Hamabostaldiarekin lankidetzan Araban antolatutako Musika Klasikoko Zikloak sei kontzertu eskainiko ditu abuztu honetan, lurraldeko sei plazatan: Eltziego, Artziniega, Lantaron, Santikurutze Kanpezu, Kuartango eta Zalduondo.

Zikloak 25.000 euroko aurrekontua du aurten, iaz baino 5.000 euro gehiago. Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Patrick Alfaya Donostiako jaialdiaren zuzendari artistikoak aurtengo egitaraua aurkeztu dute astelehen honetan.

  • Abuztuak 8, 20:30ean, Eltziegoko San Andres elizan: Kairos Project Ensemble. Adiskidetasunetik eta borondatetik sortutako asmo handiko proiektua, ganbera musikaz arlo eta formazio guztietan gozatzeko.
  • Abuztuak 12, 19:30ean, Artziniegako Jasokundeko Andra Mariaren elizan: Zabaleta Colome Puig hirukotea. Marta Zabaleta, Josep Colome eta Laia Puig interpretazioaren eta pedagogiaren arloan ibilbide sendoa duten hiru musikari dira, ganbera musikarekiko interesarekin lotuta.
  • Abuztuak 21, 19:00etan, Fontetxako (Lantaron) Orgazko Jauregia eta Dorrearen monumentu multzoan: Cassado bikotea. Bere musikaltasun eta sentiberatasun bikainagatik nazioartean txalotua, bikote honek publikoa eta kritika espezializatua erakarri ditu bere originaltasun eta karismari esker.
  • Abuztuak 21, 19:30ean, Santikurutze Kanpezuko Jasokundeko Andre Mariaren elizan: Liana Gourdija & Josu Okiñena. Gourdjia biolinistak eta Okiñena pianistak bikote egonkor bat osatu dute, barrokotik hasi eta XXI. mendera arteko konposizioak interpretatuz. Euskal errepertorioa biolin eta pianorako berreskuratzeko lan egin dute, baita elkarrekin editatu eta grabatu ere.
  • Abuztuak 25, 19:00etan, Zuhatzu Kuartangoko Bainuetxeko Antzokian: Silvia Marques & Gorka Hermosilla. Silvia Marquez klabezinista aragoiarra eta Gorka Hermosa euskal soinujolea bezalako nazioarteko bokazioa duten bi musikarien elkarketak bakoitzak bere karreran erakutsitako talentua berretsi du.
  • Abuztuak 27, 20:00etan Zalduondoko San Saturnino elizan: Soinuaren Bidaia. Alberto Urretxo Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronboi jolea buru duen ensemble bat da. Hainbat ikuskizun eskaintzen ditu, musika sortu berriaren eta artearen zabalkundearen alde eginez. Bere jardueraren barruan aipatzekoak dira komentatutako kontzertuak, dantzarekin uztartutako kontzertuak, jarduera didaktikoa eta CDak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide