'Urte danteskoa', Salvador Daliren erakustaldi handi batekin

Erredakzioa 2021eko uztailaren 22a

Daliren 100 xilografia ikus daitezke erakusketan. / Vital Fundazioa

Artista katalanak Danteren lana ardatz hartuta egindako paradisu, purgatorio eta infernuari buruzko 100 xilografia dira

Infernuari buruzko deskribapen literario beldurgarria egin zuen lehen artistetako bat izan zen Dante Alighieri, Salvador Dalirentzat erakargarria izan zen kontakizun epiko bat. Idazlearen heriotzaren 700. urteurrenean, Vital Fundazioak bat egin du Europako hainbat hirirekin hori ospatzeko, eta Dalí, urte danteskoa erakusketaren eskutik egingo du. Irailaren 19ra arte izango da, Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan.

Ehun bat lanen bidez, Dalik, Surrealismoaren gurasoetako batek, Paradisua, Purgatorioa eta Infernuan zehar bidaiatu zuen (olerkiaren hiru kantu horietatik 33 eta sarrerarako beste bat) ikuslea bere mundu paregabera hurbilduz, irudi onirikoz betea. Erakusketak Fernando Martinez de Viñaspre du komisarioa, eta berak egin du erakusketaren diseinua ere.

1957. urtean, Dante Alighieriren jaiotzaren 700. urteurrena zela-eta, artista katalanak Komedia Jainkotiarra/La Divina Comedia irudiztatzeko sortu zituen ehun xilografia inguru dira. Atzerriko egile baten hautaketa horrek polemika handia eragin zuen Italian, eta, azkenean, alde batera utzi zuten aukera hura. Hala ere, Dalik bere lanarekin jarraitu zuen eta, bost urtez, ehun akuarela inguru marraztu zituen eta xilografiako plantxetara transferitzeko prozesua gainbegiratu zuen.

Daliren unibertsoan barneratzen da erakusketa hau. / Vital Fundazioa

Horien bidez, sei liburuki ilustratu ziren Dante Alighieriren testua frantsesera itzulita, hortaz, Komedia jainkotiarra/La Divina Comediaren ilustratzaile izatera iritsi zen Dali, Botticelli, Miguel Angel edo, berriki, Miquel Barcelo bezalako maisu handiekin batera. Dalik Danteren lanari buruz duen ezagutza sakonak, lan-segida hori, joan den mendeko lan ilustratu garrantzitsuenetako bat izan dadila eragin du, artistaren ikuspegi surrealistaren garrantzia nabarmenduz gainera.

Dalí, urte danteskoa Vital Fundazioa erakusketa-zentroan (Posta kalea 13-15) izango da ikusgai irailaren 19ra arte, asteartetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago