Aita 2003an hil zen. Zergatik ekin diozu ikerketa lan honi?
Ba, begira, eskuizkribuak aurkitu nituenean, gai hontaz artikulu bat idatzi nahi nuen, baina konturatu nintzen gerrari buruz ez nekiela ia ezer. Gainera, familian uste zabaldua zen gure aitak kontatzen zituen gauza asko berak asmatutako istorioak zirela… Txinatarrarena eta… Baina, bai zera! Orain konprobatu dut aitak esaten zuen guztia egia zela. Txinatar batek borroka egin zuela Euskal Armadan. Datu hori ineditoa da, orain arte, ez zen inon ageri.
Zer kontatu zizuen aitak gerraz?
Gure aitak bizitza guztia eman zuen gerrari buruz hizketan. Ia bazkalondo guztietan ateratzen zuen gaia. Baina anekdotak bakarrik kontatzen zizkigun. Ez zigun mina transmititu nahi, ez zuen gugan gorrotorik sortu nahi. Berak jasan behar izan zuen krudelkeri eta errepresio guzti horretatik gu babestea nahi zuen. Aitak idatzi egiten zuen terapia moduan. Bertsoak ere idazten zituen eta kantatu izan ditugu familian. Ni saiatu nintzen bera grabatzen gerrarena konta zezan, baina ez nuen lortu, ihes egiten zidan, eta pena handia neukan horregatik.
Baina, hara non, aurkitu duzu berari egindako elkarrizketa baten audioa Euskadiko Artxibo Historikoan.
Bai, niretzat altxor handia da, eta kontatzen dituen gauza askok inpaktatu egin naute. Esaterako, kontatzen du Itxarkundia batailoiko hamabi lagun hil zituztela, bere kuadrillakoak, eta beste leku baten lagun bat enterratu zutela eta ezin izan zutela gorpua atera eurekin eroateko hegazkinak zetozelako… Eta beste harek bere buruaz beste egin zuela, eta beste hainbat itsasoan hil zirela itota… Eta heriotza, heriotza, heriotza eta heriotza. Inpaktatuta nago. Terriblea da.
Urtebete daramazu Chan Aking-en ondorengoen bila. Zergatik da hain garrantzitsua zuretzat?
Zirkulua itxi nahi dut. Aitak bere eskuizkribu bat amaitzen du esanez: "Shangai lagun, zauden tokian zaudela, agur bero bat bihotzez zuri", eta nik eskuizkribu hori Shangairen ondorengo bati entregatu nahi diot.
Ikerketak fruituak eman ditu, ezta?
Bai. Uste dut Aking Chan aurkitu dugula. Parisko emakumearen ilobak, Cayo Weik (Gijon), uste du Aking Chan bere osaba zela, eta nik ere bai. Izena aldatu zuen Txina nazionalistatik ihes egin zuelako eta 1937tik 1943ra arte Espanian preso egon zenez, arazoak izan zitzakeelako 1943an Frantzian zeuden naziekin. Oso pozik nago. Bera dela baieztatzen bada, aitak ireki zuen zirkulua ixtea lortuko dugu.