Hilaren 15ean izan zen suziriaren jaurtiketa, Granadan, eta baita satelite txikiak egindako hegaldi laburrean eskuratutako datuen interpretazioa egiteko unea ere. Azkenean, finalista guztien artean, epaileek Galiziako taldearen alde egin zuten. Dena dela, lehiaketa baino, elkarlana izan da proiektuaren abiapuntua. "Satelitea prestatzen ari ginen bitartean, taldeen artean elkarri laguntzeko eta iritziak trukatzeko aukera izan genuen", azaldu du Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxeko ikasle Sergio Gomezek. "Batak besteari materiala uzten zion, satelitearen misioa elkarri azaldu genion, eta azken momentuko zalantzak partekatu genituen".
CanSat proiektuko finalean, ESA Europako Espazio Agentziak proposatutako erronkari erantzuten saiatu dira hainbat talde, tartean, Euskal Autonomia Erkidegoan irabazle izan zen Koldo Mitxelena ikastetxean osatutakoa: freskagarri lata baten tamainako satelite bat eraikitzea.
Pozik azaldu da Gomez proiektuan bizitako esperientziarekin. "Mundu errealeko misioen hainbat alderdi islatzeko diseinatuta dago misioa", azaldu du. Telemetria eskakizunak, komunikazioak eta operazio autonomoak jarri ditu adibidetzat. Eraikuntza elektronikoaren eta mekanikoaren elementuak "bereziki zailak" izan zirela aitortu du; halere, "zirraragarritzat" jo du erronka.
Talde lana
"EAE-ko sailkapenaren ostean satelitea nola hobetu genezakeen ikusi genuen, eta ondorioz, hurrengo ikasturterako hobekuntzak baditugu", aurreratu du. Ikaslearen hitzetan, probak eta birmoldaketak "ezinbestekoak" dira horrelako proiektu batean.
Funtsezkoa izanik ere, teknologia ez da dena, eta proiektua aurrera eramateko "egindako talde lana" azpimarratu du. Modu berean, Elgoibarreko AVS Added Value Solutions enpresaren laguntza ere eskertu nahi izan du."Enpresa hori merkatuko alor ugarietan sartuta dago, baina produktu bereziak egiten ditu soilik: laserrak, kriogeniari lotutakoak, industria aeroespazialerako atalak, Martera bidalitako roverraren atalak eta abar. Eider Gonzalezen laguntza izan dugu eta asko eskertzen diogu".
Datozen urteei begira, interesa izan dezaketen ikasleei proiektuari lotzeko dei egin die, batez ere neskei. "Gaia gustuko baldin badute, parte hartzea gomendatuko nieke. Teknologia arloko ikasgaiek ez dute generorik bereizten. Gainera, genero arrakala apurtzeko bidea ere bada". Ahaleginak, gainera, beti merezi du, eta izarrak zain daude. Per aspera ad astra.