Sorgintzari, begirada berria

Juanma Gallego 2021ko uzt. 22a, 09:00
Etxazarrak Estibalizko Pater tabernan egin zuen aurkezpena, besteak beste, Israel Espino alboan zuela. ERDI AROKO ARABA

Duela hainbat urte Enrique Etxazarra ikertzaileak sorginen inguruko zenbait "mito eta topiko" gezurtatu zituen Crónicas de brujería liburuan. Deskatalogatuta zegoen arren, orain berrargitaratu dute.

Enrique Etxazarra ikertzaile ezagunak 2007an argitaratutako Crónicas de brujería liburuaren berrargitalpena kaleratu du. Joan den larunbatean aurkeztu zuten Estibalizen, Erdi Aroko Araba elkarteak kudeatzen duen Pater tabernaren terrazan, eta ondo lagunduta egon zen Etxazarra. Besteak beste, Reediciones Anómalas argitaletxeko editore Pablo Vergel izan zuen alboan, eta baita liburuaren prologoa idatzi duen Israel Espino ikertzaile extremadurarra ere. Espino mito eta kondairetan aditua da. Podcast bat grabatzeko ere baliatu zuten arratsaldea.

Sorgintzaren inguruan ezagutzen dena biltzeaz gain, Etxazarrak gaiaren bueltan diren "zenbait topiko eta mito" gezurtatu ditu liburuan. "Normalean, Erdi Aroarekin lotu ohi dugu, baina batez ere XV. eta XVIII. mendeen arteko fenomenoa izan zen". Etxazarraren hitzetan, zabalduen dagoen irudiaren arabera "ematen du Espainian etengabe sorginak hiltzen ari zirela, baina, egia esanda, Elizak ez zion aparteko garrantzirik eman". Eliza beste zenbait heresiei begira egon zen. "Espainiako Inkisizioaren inguruan kondaira beltz bat ere bada, irudia da egun osoan sorginak erretzen eta torturatzen ibili zirela, baina hori ez da egia".

Liburuan hainbat kasu famatu aztertzen ditu; tartean, Zugarramurdin jazotakoa.  "Gertatu eta gutxira, Alonso de Salazar y Frias inkisidoreak kasua berraztertu zuen, eta garaian bertan konturatu zen auzokideen arteko liskarrak egon zirela abiapuntuan".

Besteak beste, Urizaharrean kontatzen den kondaira bat ere jaso du liburuan. Sasi guztien gainetik kontakizunaren aldaera bat da hori. Lagun batek sorgin bati entzundako arao bat gaizki errepikatu zuen, eta sasien azpitik hegan egin zuen, Zaragatas izeneko landaraino. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide