Euskal presoen etxeratzearen aldeko bizikleta martxak Araba zeharkatuko du ostegunean

Erredakzioa 2021ko uzt. 21a, 09:30
Bizikleta martxaren aurreko edizio bat. / Argazkia: TXINTXARRI.eus

Ibilian-ibilian etxerako bidean udako kanpainaren barruan, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko dituen bizikleta itzulia antolatu du Sare Herritarrak uztailaren 22tik 24ra bitartean. Ostegun honetan Oionera iritsiko da Garesetik.

Azken lau urteetan, uztailean, Euskal Herriko txokoak zeharkatzen dituen bizikleta itzulia antolatu ohi du Sare Herritarrak, ehunka pertsona urruntze politikaren kontrako eta euskal presoen etxeratzearen aldeko aldarriaren inguruan elkartuz.

Aurtengo edizioa hasteko prest dago jada, eta uztailaren 22an, 23an eta 24an Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko ditu. Pandemiaren ondorioz, segurtasun eta osasun neurriak bermatze aldera, goizetik eguerdira bitarteko hiru etapa independente proposatu dituzte aurten:

  • Uztailaren 22an, Garesetik (Nafarroa) Oionera (Araba), 82 kilometroko etapa.
  • Uztailaren 23an, Bizkaiaren txanda izango da, Sopelatik Mundakara 43 kilometroko ibilbidearekin.
  • Uztailaren 24an, berriz, Gipuzkoan izango da azken etapa, 69 kilometrokoa: Zumaian hasi eta Donostian amaituko da, hiriburua goitik behera zeharkatuz.

Hiru etapa horietan izena emateko epea uztailaren 16an amaitu zen. Partaideek etapa batean, bitan edo hiruretan parte hartzeko aukera izango dute, eta etapa hasiera zein amaierarako autobusa ere bermatuko du antolakuntzak.

Etxerako bidea, pedalkadaz pedalkada

Ibilian-ibilian etxerako bidean udako kanpainarekin, Sarek azken urtean espetxe politikan eman diren aldaketa esanguratsuak nabarmendu eta bere estrategia "etxerako bidea" gauzatzean kokatuko nahi du, urruntze politikarekin "guztiz" amaitzeko. "Positiboki baloratzen ditugu emandako urratsak, baina urruntze politika euskal preso guztiak Euskal Herrian izatean soilik amaituko da", azpimarratu dute.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritza ere interpelatu nahi izan du Sarek, bere ustez, espetxe eskumenak eskuratu ostean iragarritako espetxe politika berria "euskal preso guztiei ezarri behar zaielako, inolako salbuespenik egin gabe".

"Elkarbizitza erdigunean ezarriko duen etapa berri bat hasteko unea iritsi da. Horretarako baldintzak daude, eta, guztion ahaleginez, inor atzean utzi gabe, baldintza horiek baliatu behar ditugu, etapa luze-zahar hau atzean utzi eta berri bati bide emateko", gaineratu du Sarek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide