Sarea indartzen

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2021ko eka. 20a, 09:00

Bai Euskarari sarien ekitaldia izaten da egutegian gorriz markatutako hitzordu garrantzitsuetako bat guretzat. Ezin bestela izan! 2019an izan genuen azken ekitaldia eta, ezaguna denez, iazkoa bertan behera utzi behar izan genuen, gainera, ziurtagiriaren proiektuaren 20. urteurrena behar bezala ospatu gabe.

Hilabete gogorrak izan dira guztiontzat, baina lanean segitu dugu gure komunitatea eta sarea zaintzen eta babesten. Ez gara geldirik egotekoak. Aurten ere berrikuntza ugarirekin gatoz, baina bereziki nabarmendu nahi dugu gure marka berritu dugula, elkartearen osotasuna eta gure proiektuen eta lan eremuen hedadura behar bezala erakusteko. Bai Euskarari Elkarteak garapen handia izan du azken urteotan. Ziurtagiriaren proiektua kudeatzeko sortu ginen, baina proiektu zein lan-ildo berriak sortu ditugu bidean.

Azken urte eta erdian asko ikasi dugu, eta sarea bidelagun izan dugu. Ziurtagiritik hasi eta Bai Euskarari Elkartearen beste proiektu guztietan parte hartzen dugun guztiok osatzen dugu Bai Euskarari komunitatea, arlo sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragiten ari garenon sarea.

Aurtengo sarietan, hortaz, sarea dugu foku nagusi, eta bertan kokatzen ditugu aurten saritu ditugunak. Euren praktika egokiak eta eredugarritasuna saritu nahi izan ditugu, haien eredua erakusteko, beraien jardunean osagai ezinbestekoa baita euskara. Hiru saridunen bidelagun izateko plazerra du Bai Euskarari Elkarteak. 

Gure sarea indartzen ari dira IZT, Athlon eta Biharko Taldea aurtengo saridunak. IZTn, 2005ean hasi zirenean, garbi izan zuten Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu behar zutela eta ibilbide guztian presente izan dute. Eremu digitalean egiten dute lan, enpresei aholkularitza eskaintzen, euskara normaltasunez erabiliz eta lan-tresna gisa hartuz. Teknologiaren eta digitalizazioaren garai honetan, akera ugari sortu zaizkie eta horiek baliatzen ari dira, euskara erdigunean jarrita.

Arrasateko Athlon kooperatibak duela lau urte eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria. Ohitura osasungarriak sustatzeko lanean dihardute sortu zirenetik eta proiektu ezberdinetan euskarazko zerbitzua bermatzen dute. Athlonen helburua da jendearen bizi kalitatea hobetzen laguntzea, ohitura osasuntsuak sustatzeko erronka dute, gu eta euskara sasoiko egoteko.

Biharko Taldeak gizarte zerbitzuen alorrean lan egiten du, azken urte eta erdian hain garrantzitsuak iruditu zaizkigunak. Gipuzkoako egoitzetan eta eguneko zentroetan kudeaketa integraleko zerbitzuak eskaintzera bideratutako enpresa da. Funtsezkoa iruditzen zaie euskarazko zerbitzua bermatzea eta, horregatik, saria jasotzea eguneroko lana ondo egitearen adierazletzat dute. Pandemiak eragin die, eta haien zerbitzuaren indarguneetako bat hurbiltasuna bermatzea izan da, euskara informazioa transmititzeko bide gisa erabilita.

Elkarrekin eta saretuta errazagoa da edozein krisi gainditzea. Inoiz baino argiago dugu sare hau indartzen eta elikatzen jarraitu behar dugula, gure indargune handienetako bat baita. Jarrai dezagun #SareaIndartzen

Osorik irakurri

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide